GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Bulegoak

Fernando Goñik urtebeterako berritu du Asperekin

Zubiriko atzelariak 37 urte beteko ditu datorren otsailean eta egungo atzelari txapelduna da. Binakako Txapelketa jokatuko ote duen da, hain zuzen ere, orain geratzen den zalantza nagusia.

p040_f01_73630.jpg

Asier AIESTARAN

Urtea amaitzearekin batera, pilota enpresa nagusietan bulegoetako lana bere fruituak ematen ari da. Asperi dagokionez, orain dela egun gutxi batzuk Iñigo Pascual izan bazen bere kontratua 2014. urtera arte luzatu zuena, atzo beste atzelari bat, Fernando Goñi, izan zen bere enpresarekin duen lan harremana berritu zuena. Kasu honetan, ordea, urte bakarrerako luzatu dute kontratua, 2010. urtea amaitu arte, hain zuzen ere.

Akordio berri honekin, argi gelditu da berriz ere enpresek ez dituztela edozein modutan luzatzen pilotari beteranoen kontratuak. Izan ere, Fernando Goñik datorren otsailean 37 urte beteko baditu ere, ezin da ahaztu egungo atzelari txapelduna dela aurten Juan Martinez de Irujorekin batera Binakako Txapelketa irabazi ostean. Lehiaketa horretan lortu izan ditu beti emaitza onenak, gainera, beste hiru txapel ere bai baititu bereganatuak, 2001ean, 2004an eta 2005ean, hain justu.

Azken aste edo hilabeteotan dezente izan dira Aspek eta Asegarcek kontraturik gabe utzi dituzten pilotariak -Koka, Agirre, Lasa edota Capellan, esaterako-. Goñi III.arekin, berriz, badirudi urtez urte egoera aztertzen joateko konpromisoa hartu dutela oraingoz bi aldeek.

Binakakoaren zalantzan

Esan bezala, Binakako Txapelketa urteko hitzordu garrantzitsuena izaten da bai Fernando Goñirentzat, bai eta beste atzelari askorentzat ere. Lehiaketa hori egun gutxi barru hasiko da eta, oraingoz, ez dago batere argi Zubirikoaren parte-hartzea. Aspek dituen aukeren artean, badirudi Iñigo Pascual eta Mikel Beroiz ziurtzat jo daitezkeela. Beste bi postuak betetzeko lau pilotari daude. Aritz Laskurain legoke, seguru asko, hirugarren tokia hartzeko ongien kokatuta, eta laugarrena Goñik, Zubietak edo Eulatek bete beharko lukete.

Azken hirukote horretan izango dira zalantza handienak. Egungo txapelduna izateak eta, batez ere, bere errendimenduan erakutsi izan duen erregulartasunak aukera dezente ematen dizkio Goñiri. Gazteagoak izan arren, Zubietak eta Eulatek zalantza gehiago sortzen dituzte.

Aitor Zubietaren kasua berezia da, gaitasun ikaragarria izan arren, oraindik erregulartasuna falta zaiolako eta belaunean arazoekin ibili delako denbora luzean. Pedro Martinez de Eulatek ez du arazo fisikorik, baina aurten ez du maila onik eman, nahiz eta orain hobeto aritu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo