Xabier Izaga Irakaslea
Betiko estrategia sekretua
Gure amak ez du mahatsik jaten, edadeak eta aspaldiko gaixotasun baten aztarnak ondo digeritzea eragozten diote-eta. Ni ere ez naiz mahatsaren zaleegia, horretan amaren ezpalekoa izan, nonbait, eta mama gozoa hutsean nahiago dut.
Gabon zahar gaueko hamabietan gure amak, urtero bezala, ez zuen mahatsik jan eta, urtero bezala, begirada busti zitzaion. Guk ez genion ezer esan, bagenekien-eta zer zuen gogoan. Presoen amak. Berehala esan zuen berak: Tere Gamarrakoarekin akordatu naiz. Hura eta haren seme-alabak, alabaren mutila, haien semeak omen zituen gogoan... eta Begoña, Joxepa eta gainerako ama zahar-gazteak. Duela ia 30 urte kartzelarik kartzela hasi zirenak eta duela zenbait aste kartzelatutako gazteenak. Baita itxaroten hil diren amak. Zalantzan nago arestian kontatutakoa hona ekarrita ondo egin ote dudan, gure ama Rubalcabaren estrategiaren jomuga izan litekeen, alegia. Bide batez, delako estrategia hori aipatuta, konturatu naiz ez dela mahatsa gure amak okerren digeritzen duena.
Rubalcabaren estrategia sekretua, Zapaterok azaldu ezin duena, sobera ezaguna baita. Larderiaren estrategia da, giza miseriaren gainean eraikitakoa. Estrategia hori zuritzeko ETAren ekintzak eta erakunde armatuaren ekintzarik eza erabili izan dituzte. Orain ETAk ekintzaren bat egiteko asmoa izan lezakeela iragarrita zuritu nahi dute estrategia sekretu zahar hori, justizia espainiarra bere zerbitzuan duena.
Etxeratek deitutako martxa debekatzea zuritu nahi dute, hala nola kaleko errepresioa eta euskal presoei ematen dieten tratua, Rubalcabaren hitzetan, «sinestezina den tratu ona». Presoen senideei ematen dieten tratu ona bezain sinestezina. Inork ez du sinesten, hain da sinestezina. Horregatik ulertzen da nolatan biktima profesionalak eta eskuin muturra ez diren tratu horretaz kexu agertzen, horien ustez, euskaldunek bizirik irautea ere pribilegio onartezina izanda.
Gaur Bilboko kaleak mukuru beteta Madrilgo estrategei beharbada mahatsa ez, baina «terrorismoaren aurkako garaipenak» kontrako eztarritik joango zaizkio.