Presoen aldeko ehunka ekimen egunotan Euskal Herri osoan
Patxi Gomezen alde Ortuellan egitekoa zen manifestazioa Auzitegi Nazional espainolak debekatu bazuen ere, dozenaka lagun atera ziren kalera euren bizilagunaren egoera salatzera. Urte amaiera eta hasierako egun hauetan bestalde, herriz herri errepikatu dira errepresaliatuen aldeko protesta edo ekintzak. Esaterako, Elgoibarren lau egunez baraualdia egin zuten hamar lagunek eta Zaldibian itxialdia egin zuten gazteek kultur etxean.GARA |
Urte zaharra agurtu eta berriari ongietorria emateko egun hauek festarako egunak badira ere, Euskal Herriko hamaika txokotan ugariak izan dira euskal errepresaliatuen alde egindako ekitaldi eta protestak. Bereziki familian igarotzeko egun hauetan, Eguberriak euren etxetik ehunka kilometrora igaro behar izan dituztenak izan dituzte gogoan.
Hala ere, iragarritako ekitaldi guztiak ezin izan dira bakean egin. Hain justu ere, Ortuellan ostegun iluntzean Patxi Gomezen egoera salatzeko egitekoa zen manifestazioa aurreko egunean bertan debekatu zuen Auzitegi Nazional espainolak. Hala ere, dozenaka lagun bildu ziren jarritako leku eta orduan; bertan agertu zen Ertzaintza ere. Azkenean, manifestazioa normaltasunez egitea eragotzi zuten poliziek.
Elgoibarren, bestalde, hamar lagunek gose greba egin zuten astelehenetik ostegunera «euskal presoen eskubideen defentsan», eta Urtezahar-egunean manifestazio jendetsuarekin eman zioten amaiera ekimen horri. Zaldibian ere, asteazkenetik ostegunera itxialdia egin zuten herriko gazteek kultur etxean protesta gisa.
Soraluzen, bestalde, ostegun eguerdian presoen aldeko enkartelada egin zuten hirurogeita hamarren bat lagunek. Ondoren, hainbat lagunek paretetan herriko presoen irudiak marraztu zituzten.
Urtezahar-egunean ere, Zornotzan 170 pertsona inguru bildu ziren herrian zehar egin zuten giza-katean. Zarautzen, berriz, 200 lagun inguru elkartu ziren manifestazioan eta beste horrenbeste Alegian elkarretaratzean.
Beste hainbat herritan ere izan ziren ostegun arratsaldean mobilizazioak, Txurdinagan, esaterako, 27 lagun bildu ziren, 65 Otsagabian eta 40 inguru Zegaman, herriko preso eta iheslarien alde egin zuten gaztaina-jate eta elkarretaratzean. Munitibarren, berriz, 135 pertsona bildu ziren, 74 Urduñan, 120 Andoainen, 35 Tuteran, 70 Garesen, 105 Altzan, 154 Errenterian, 90 Antsoainen eta 466 Gasteizen.
Gauerdia igarota ere, leku askotan egin zen errepresaliatuen aldeko brindisa.
Modu berean hasi zuten urtea atzo Euskal Herriko beste hainbat bazterretan ere. Bilbon esaterako asteburuan espetxeetara bisitan joaten diren presoen senide eta lagunak agurtuz, elkarretaratzea egin zuten atzo 85 lagunek eta Iruñean berriz, euskal presoen aldeko kalejiran bildu ziren 230 lagun.
Lekeition bestalde, 90 pertsona elkartu ziren, 125 Agoitzen, 50 Zornotzan, 29 Lizarran, 23 Getarian, 55 Lazkaon, 13 Gatikan, 27 Berriozarren, 71 Etxarri-Aranatzen, 30 Larragan eta 35 Barañainen.
Ehunka lagun bildu dira egun hauetan euskal errepresaliatuen aldeko ekimenetan Euskal Herri osoan. Manifestazio, elkarretaratze, giza kate edo brindis, era guztietako ekintzak izan dira.