GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joxemari Iriondo Auspoa taldeko eta Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kidea

Antonio Zavala hil zela urtebete

Bere heriotzaren lehenengo urteurren honetan, gure omena- aitormena egin nahi diogu Antoniori, bere lanari jarraipena ematen saiatzen garela esanez

Ez dakit luzea izan den ala laburra, baina badakit ustekabean etorri zaigula Antonio Zavalaren heriotzaren lehenengo urteurrena, omenaldi bat ere prestatzeko astirik gabe. 2009ko urtarrilaren 2an hil zen, eta 2010eko urtarrilaren bigarrena adierazi zigun larunbatean egutegiaren orriak.

Urtebete joan zaigu, bai, baina oraindik ezin izan dugu kendu begien aurretik gure maisuaren irudia. Besteak beste, Xabierko gazteluko telefonoak gure agendan jarraitzen du, eta Antonioren sakelakoaren zenbakia ezabatu gabe daukagu, berriro ere elkarrekin hitz egiteko aukerarik ez dugula izango sinistu nahi ezta edo. Izan ere, harekin egunero berriketaldi bat egiten ohituta geunden, eta zail egiten da holako isilaldi luzea.

Alabaina ez dugu etsi nahi, eta Zavalak utzitako ondarea lantzen eta egunero berritzen jarraitu nahi dugu, haren Auspoa ederrari eraginez ahal dugun mailan.

Artxiboaren handitasuna. 2005eko azaroan sinatutako tratuaren arabera, 2008ko azaro-abenduan hasi eta 2009ko urtarrilean azkenengo hondarrak bilduz Gipuzkoako Aldundira (Koldo Mitxelena) ekarri zen kaxa multzo handi hura, orain handiago eta ederrago iruditzen zaigu, egia esateko. Antoniok berak ezetz esaten bazuen ere, ondo genekien bilduma harrigarria zela hark urteen buruan maisukiro eginikoa. Alegia, ez zela hura ahuntzaren gauerdiko eztula, ez zela dozena bat karpetatan bil zitekeen paper zahar multzoa.

Hala ere, pazientzia eta begirune handiz orain karpetaz karpeta ordenatzen eta katalogatzen ari direnean, harik eta handiagoa, ederrago eta tantaiagoa iruditzen zaigu gure kultura arduradunen eta erakundeen aitorpen eta saririk merezi izan ez duen artxiboa. «Gero izango da dirua, gero izango dira famak», esaten zuen tolosarrak disimulatu ezineko penaz. Baina auskalo noiz izango den gero hori. Lehenean jarraitzen baitu orain ere Auspoa bilduma erraldoiaren patuak -bai, bai, Antonio, zuk nahiago izaten zenuen destinoa esan eta ez patua-. Lehen ere badira lan bikainak eginak gurean, baina gure ahozkotasunaren alorrean sekula inoiz egin den lan eta proposamenik sakonena eta harrigarriena Auspoa saila da, ezbairik gabe.

«Mondragoiko kalezainaren bertsoak» (Auspoa 213) liburua inprentatik irtetzearren utzi zuen Antonio Zavalak, 2009ko urtearen hasieran, eta geroztik argitara emanak dira «Uztapide bat-batean, bertso antologia+CD» (Auspoa 313), Uztapideren «Leengo egunak gogoan» berrargitarapena (Auspoa 314), Gurutz Azkarateren «Ondorengoak jakin dezaten» (Auspoa 315) eta Patxi Iraolaren «Naizen apurra» (Auspoa 316). Eguberritako jaiak direla-eta inprimategian gelditu zaigu Txomin Garmendiaren «2008ko nere egunkaria» (Auspoa 317), baina Erregeen ondoren berehala kaleratuko da.

Honek esan nahi du Auspoak jarraipena izan dezan bere oinordeko izateko proposamena onartu genuenok Zavalaren lanbideari jarraitzen ahalegindu garela, nahiz eta maisu zuhurraren babesa falta dugun.

Gaur ere, bere heriotzaren lehenengo urteurren honetan, gure omena-aitormena egin nahi diogu Antoniori, bere lanari jarraipena ematen saiatzen garela esanez eta argi gaitzala eskatuz, dagoen tokitik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo