GARA > Idatzia > Kultura

Amaituta, San Telmon aurkitutako margolanen berriztatze lanak

Donostiako San Telmo museoko elizan 2008an ezustean aurkitu ziren margoen berriztatze lanak aste honetan amaituko ditu sei hilabetez buru-belarri lanean aritu den aditu talde batek. Hasierako aurrekontuari 600.000 euro gehitu dizkion berreskuratze prozesu honetan, margolan guztiaren %30 berriztatzea lortu dute; oraingoz ziurtatua dagoena XVI. mendeko lanak direla, autore ezezagun batek eginak eta Kristoren Pasioa irudikatzen dutela da.

p040_f02_186x108.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

San Telmo proiektu museografikoaren akaberarako oraindik lan ugari geratzen den arren, 2008an bertako elizan aurkitu ziren margolan historikoen berreskuratze lanak aste honetan bertan amaituko dira. 600.000 euro baino gehiagoko aurrekontu batek lagunduta, hamar adituko talde bat buru-belarri aritu da azken sei hilabeteetan erretaulan ezustean aurkitutako artelanen berreskuratze lanetan.

Susana Soto zuzendariak prentsari zuzendutako bisitan zehar agertu zuenez, margolanak XVI. mendekoak dira eta autore bat dute, inskripzioak baitaude, nahiz eta bere izena zein den jakitea oraingoz ezinezkoa den, letra gehienak ezabatuta daude-eta. «Pintura motari dagokionez, antzeko ezaugarriak zituzten eraikinetan erabili ohi zen berbera da. Askotan, harlanduak habe guztiak betetzen zituen, baina elizako gune hauek arkitektura berezi batez egindako lanekin apaintzen ziren», adierazi zuen.

Elizako gunerik garrantzitsuena, absidea hain zuzen, Errenazimentu garaiko ezaugarriz betea dago eta arte italiarretik berreskuratutako zertzeladak dira nagusi.

Margoetan ikus daitezkeen irudiei dagokienez, Sotok ohartarazi zuen margolan osoko figura nagusia galdu egin zela armarria jarri zenean, eta hura kentzean, irudi horren arrastorik ez dela geratu. «Orokorrean, Kristoren pasioa dago marraztuta, nahiz eta emakumeen irudi batzuk ere agertzen diren», esan zuen. Irudi batzuk bere osotasunean ikus daitezke; beste kasu batzuetan, ostera, zatikako ekarpen hutsak daude. Nolanahi ere, zertxobait gehiago itxaron beharko da margolan osoaren interpretazio orokorra ezagutzeko. «Oraingoz, margolan osoaren %30 berreskuratu dugu. Badakigu Errenazimentu garaian eredu jakin batzuen kopiak egiten zirela, beraz, Pedro Etxeberria adituaren laguntzarekin eta errealitate birtuala baliatuta, elizaren ganga eta paretak bere osotasunean nolakoak ziren jakiteko aukera izango dugu», amaitu zuen.

Irekiera data

Donostiako Udalak eta Gasteizko Gobernuak finantzatutako egitasmoak San Telmo Museoa berriztatzea du helburu. Lan horiek, ordea, harrabotsa sortu zuten pasa den abenduan Donostiako Udaleko EAJk Udal Gobernuaren aurka jaurtitako kritikak zirela-eta. Jeltzaleek egitasmoaren irekiera data atzeratzea egotzi zioten Odon Elorza buru duen taldeari. Joan den abenduan Denis Itxaso Kultura zinegotziak eman zien erantzuna jasotako kritikei eta, atzokoan, Elorzak berak baieztatu zuen museo berria 2011. urte hasieran inauguratuko dela, nahiz eta ez zuen datarik finkatu, ez eta zehaztasunik eman ere.

«San Telmo museoaren egitasmoak garrantzitsu izateko izaera du eta museoen mapan egotea da helburuetako bat; horretan ari gara lanean, 2011. urte hasierara egoera onean iritsi eta balio anitzeko gune berri horren inaugurazio formala egin ahal izateko», argudiatu zuen.

Elorzarekin batera, bisita gidatuan parte hartu zuten Denis Itxasok eta Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuak. Azken honen hitzetan, «pozgarria da urtea horrelako aurkikuntza baten berreskuratzearekin hastea» eta denbora laburrean emaitza onak lortzeko nahia agertu zuen.

INAUGURAZIOA, 2011N

«San Telmo museoaren egitasmoak garrantzitsu izateko izaera du eta museoen mapan egotea da helburuetako bat; horretan ari gara lanean, 2011. urte hasierara egoera onean iritsi eta balio anitzeko espazio berri horren inaugurazio formala egin ahal izateko», esan zuen Odon Elorza Donostiako alkateak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo