GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Ez galdu aukera, txertoak merke-merke!

Beherapenak ate-joka. Kontsumoan eta honen usainean murgilduta bolada luzea pasa, eta zer eta berriz ere herritarrak erostera tentatzeko saialdia. Negurako ekarri eta saldu gabe geratutako produktuak biltegitik atera nahi izaten dituzte dendariek, prezioak jaitsi eta baztertu ezinezko mauka balitz bezala, behar duguna eta ez duguna erostera bultzatuz.

Krisi garai honetan dendariak ez ezik, gobernuak ere moda honetara batu dira. Parisko Gobernua buru-belarri ari omen da lanean biltegiak hustu eta poltsikoak betetzeko ahaleginetan. Egipton jarria du Sarkozyren exekutiboak begia. Bertako agintariei sinetsarazi behar die barra-barra erosi eta biltegian geratu zaizkion A gripearen aurkako txertoak erostea ezinbesteko dutela eta aurrean jarritako eskaintza, berriz, baztertu ezinezkoa dela. Bai, telebistan ordu txikietan ematen dituzten iragarkietan bezala: «Orain erosiz gero, itzelezko prezioa eta hau, hura eta halako opari. Ezin duzu aukera galdu!». Dagoeneko Qatarrera 300.000 txerto bidali dituzte, baina ez da nahikoa. 869 milioi euro xahutu zituen Estatu frantsesak 94 milioi dosi erosten eta beste diru mordoxka herritarrei horiek hartzeko premia sentiarazteko ahaleginean. Marketin kanpaina hark ez zion nahi adinako fruiturik eman ordea, bost milioi herritar baino ez baititu «konbentzitu» Gobernuak. Kontuak atera, biltegian ia 90 milioi geratu zaizkio.

Hala ere, ez dute okerrik onartu eta eta A gripearen «indar eskasa» eta osasun arloko erakundeen gomendioak jo dituzte errudun. Hasiera batean, herritar bakoitzari bi dosi eman behar zitzaizkiola esan eta orain, berriz, bakarra nahikoa dela esan dutelako pilatu dituzte nonbait horrenbeste txerto koitaduek. Muturra behar da gero!

Estatu frantsesaren tankerako egoeran daude beste estatu batzuk. Alemania Ukraina tentatu nahian dabil 2,2 milioi dosi eros diezazkion. Holandak erosi zituen 34 milioi dosietatik 19 milioi beste herrialde batzuei endosatu nahian ibili da. «Mauka, mauka... txertoak merke-merke!». Gobernuak «merkadilloetan» eta, bitartean, itzulketarik onartzen ez duen industria farmazeutikoa eskuak igurzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo