Lazcozek Udaleko bi zuzendari «araua hautsiz» izendatu izana salatu dute
Gasteizko Udaleko hainbat alderdik Lazcoz alkateak bi zuzendari izendatzean udal araua hautsi duela salatu dute. PSEko gobernuak, Gizarte Gai arloko eta Kirol arloko zuzendaria izendatzeko orduan, ez ditu kargu horiek betetzeko ezinbesteko arauak bete.
Zuriñe ETXEBERRIA
Gasteizko Udaleko hainbat alderdi politikok Patxi Lazcozen gobernuak Udaleko bi arlotako zuzendariak «arauz kontra» izendatu izana salatu zuten atzo, prentsa agerraldietan Alderdi Popularrak eta Eusko Alkartasunak, eta ohar baten bidez Ezker Batuak.
EAko zinegotzi Antxon Belakortuk GARAri azaldu zionez, tankera honetako karguak betetzeko udal arauak «bi baldintza aurreikusten» ditu. Batetik, Udaleko funtzionarioa izatea; eta, gainera, A edo B motakoa, hau da, goi mailako ikasketak dituen funtzionarioa izatea. Kasu honetan, oinarrizko bi baldintza hauek ez direla bete adierazi zuen Antxon Belakortuk.
Udalean agintzen duen PSEko gobernuak uda baino lehen Gizarte Gai Arloko zuzendari berria izendatu zuen. Kargu honetan jarri zuten emakumea Aldundiko funtzionarioa dela eta horrek araua hausten duela salatu zuten atzo. Kirol arloko zuzendariari dagokionez, aldiz, Udaleko funtzionarioa da, baina ez ditu beharrezkoak diren ikasketak, alegia ez dago A edo B taldean.
Lehenengo izendapenari dagokionez, Estatuko arauak dionaren arabera, onargarria da, baina Udalekoak ez duela hori onartzen gogorarazi zuen EAko zinegotziak. Bigarren kasuan, aldiz, baldintzak betetzen ez zituela ikusita, alkateak kargutik kendu zuen, baina «beste kargu bat asmatu zuten hari lanpostua emateko», jakinarazi zuen Belakortuk.
Gainera, irizpide horri buruz, aurreko legealdian eztabaida sortu zenean, Patxi Lazcoz oposizioan zegoela, «bera izan zen horren gaineko aldaketarik ez egitearen alde agertu zenetariko bat», argitu zuen Belakortuk. Horregatik, «Lazcozek komeni zaionean nahi duena» egiten duela kritikatu zuen. Belakorturen aburuz, «alkatearen harrokeria erakusten du portaera hipokrita honek».
Eusko Alkartasunak bezala, Alderdi Popularrak eta Ezker Batua-Berdeak bi izendapen hauen gaineko salaketa publikoa egin zuten. Azken talde honek, gainera, Funtzio Publikoko arduradun Joaquin Estebani alderdi politikoen aurrean «irregulartasun» hauen inguruko azalpenak eman ditzan eskatuko diola jakinarazi zuen.
EAko zinegotziaren ustez, jokaera honek alkatearen «harrokeria» erakusten du, izan ere, aurreko legealdian, udal arau honen alde agertu ostean, orain, araua hautsi du bi izendapen hauek eginda.
Tankera honetako karguetan jarduteko udal arauak bi baldintza jasotzen ditu. Lehena, Udaleko funtzionarioa izatea, eta, bigarrena, A edo B motako funtzionarioa izatea, hau da, goi mailako ikasketak dituena.