GARA > Idatzia > Mundua

Bihar epailearen aurretik igarotzekoa den Asel Luzarragak elkartasuna jaso du

Ruben PASCUAL |

Euskal PEN Kluba idazleen elkarteak gutun bat igorri zuen atzo Leioan (Bizkaia) dagoen Txileko Kontsulatura, herrialde hartan atxilotuta dagoen Asel Luzarraga euskal idazle eta musikaria aske utz dezaten eskatzeko.

Kontsula «oso abegitsu eta laguntzeko prest» agertu zela nabarmendu zuen elkarteko zuzendari Laura Mintegik eta Luzarragaren atxiloketa «hankasartze handia» izan dela ohartarazi zuen prentsari eginiko adierazpenetan. «Aselek urteetan erakutsi digu giza eskubideen defendatzailea dela, baina beti hitzaren eta kulturaren adierazpideak erabiliz», gaineratu zuen Mintegik.

Hasiera batean, Luzarragarekin harremanetan jartzeari uko egin zion Kontsulatu espainola azkenean idazlearekin harremanetan jarri zela esan zuen Mintegik, «eta fiskalarekin hitz egingo duela agindu du».

Txileko zein Estatu espainoleko kontsulek hau guztia erraz konpontzea espero duten «hanka-sartzea» dela adierazi dutela nabarmendu zuen Mintegik.

Hamarka euskal sortzailek -Gotzon Barandiaran, Fermin Muguruza, Rafa Rueda, Uxue Alberdi, Musikherria...- adierazi zioten elkartasuna Luzarragari agiri baten bidez eta haietako batzuek elkarretaratzea egin zuten kontsuletxearen aurrean.

Asel Luzarragaren -abenduaren 31n atxilotu zuten, Araukaniako Justizia Idazkaritzaren aurkako eraso batean parte hartu izana leporatuta- arreba Lourdesek baieztatu zuenez, idazlea bihar igaroko da epailearen aurretik eta Asel bera zein bere abokatua baikor daudela. «Haiek frogatu behar dute gertatutakoa, eta ez dago ezer frogatzeko», esan zuen.

Idazle bermeotarraren errugabetasuna aldarrikatu zuen arrebak eta anaiaren inguruan esan diren guztiekin «harrituta» dagoela azaldu zuen.

Bestalde, idazleari babesa adierazteko, gaur, Bermeon (19.00etan, Ertzilla dorrean) elkarretaratzea egingo da eta www.aselaskatu.org webgunea abiarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo