GARA > Idatzia > Ekonomia

Hondarribiko aireportuaren eskaintza zabaltzea «zaila» dela esan du Tapiak

Ortzibia elkarteko lehendakariak hiru konpainiarekin «serio» negoziatzen ari direla azaldu du, baina alderdi politikoak ez daudela zerbitzuaren truke ordain ekonomikorik emateko prest. Gertu dauden beste aireportu batzuetara garraio zerbitzua hobetzearen alde agertu da.

p027_f01_199x108.jpg

GARA |

Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatu eta Hondarribiko aireportua sustatzen duen Ortzibia elkarteko lehendakari Arantza Tapiak atzo hedabideei adierazi zienez, bada «aukerarik» hegazkin konpainia berriren batek Hondarribiko aireportuan lan egin dezan, trukean «ordain ekonomikorik» eskaini gabe.

Hala eta guztiz ere, kontu «zaila» dela esan zuen, eta horregatik, Hondarribitik gertu dauden beste aireportu batzuetara zuzenduriko garraio zerbitzuak hobetzearen alde azaldu zen, eta horiekin «sarean lan egitearen» alde.

Andoain, Urnieta eta Hernani herriak Gipuzkoako hiriburuko ospitale-eremuarekin lotzen dituen Lurraldebus G-3 linearen handitzea iragartzeko komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan Ortzibia elkartea hiru aire-konpainiarekin «oso serio» lanean ari dela eman zuen jakitera Tapiak, Hondarribiko aireportuak gaur egun duen eskaintza hobetzeko helburuarekin.

«Ez da erraza»

«Lanean tinko jarraitzen dugu eta espero dut hilabete honetan berri positiboren bat jasotzeko aukerarik izango dugula», azaldu zuen, «baina krisi garaian gaude eta ez da gauza erraza», onartu zuen Gipuzkoako diputatuak.

Tapiaren arabera, kontu zaila da, beraz, Hondarribiko aireportuan konpainia berriek euren zerbitzua eskain dezaten lortzea, izan ere, Ortzibiako lehendakariak nabarmendu zuenez, konpainiek «kontrapartida ekonomikoa» eskatzen dute Hondarribira lanera etortzearen truke.

Alderdi politiko guztiak

Hegazkin konpainiek egiten duten eskaerak, ordea, ez du alderdi politikoen babesik. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Aldundian ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak, «salbuespenik gabe», airelinea bakar bati ere diru laguntza ematearen aurka agertu dira.

Hala, Ortzibiako lehendakariak baieztatu zuenez, elkarte sustatzaileak Gipuzkoako aireportuaren eskaintza zabaltzeko lanean jarraitzen du, «baina hori da, hain zuzen, dagoen muga», esan zuen.

Zentzu honetan, «oso erraza da krisi garaian denei laguntzak eman behar zaizkiela esatea», adierazi zuen, baina «gure lehentasunak, hain zuzen ere, ez daude eremu horretan», gaineratu zuen.

Sarean lan egin

Hala, Tapiaren iritziz, gaur egungo egoera ekonomikoan, «akaso», Hondarribitik gertu dauden beste aireportu batzuetarako garraio zerbitzu publikoak hobetzeko lan egin behar da. Alde horretatik, gogora ekarri zuen jada martxan dagoen autobus linea bat, Donostia Bizkaiko Loiu aireportuarekin lotzen duena hain zuzen ere. Era berean, eta gertuko aireportuen arteko komunikazioa hobetzeari dagokionez, halako garraio lineak martxan jartzerakoan, «Biarritzeko aireportuarekin ere egin behar da», adierazi zuen.

Azkenik, «sarean lan egin behar da eta apustu egin, noski, herritarrak aireportuetara ahalik eta hobekien eta modu errazenean irits daitezen», azpimarratu zuen Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak. Hala, «agian neurri egokia ez litzateke beste konpainia batzuek Hondarribian lan egin dezaten laguntzea», adierazi zuen.

Afodesaren jarrera salatu du Ortzibiako lehendakariak

Hondarribiako aireportua sustatzen duen Ortzibia elkarteko lehendakari Arantza Tapiak Afodesa Hondarribiko aireportuaren sustapenerako elkartearen jarrera kritikatu zuen atzo komunikabideei egindako adierazpenetan. Tapiak salatu zuen Afodesak «harreman eta eskaintza pila bat» dituela esaten duela, baina ez dela halakorik ikusten inongo lekutan.

«Hitz egitea erraza da», esan zuen Tapiak. Hala, Afodesak Ortzibia elkarteari mahai gainean eskaintza bat jartzen badio, honek aztertu egingo duela adierazi zuen. Are eta gehiago, une hauetan Ortzibia hori egiten ari dela nabarmendu zuen, jasotzen dituzten eskaintzak aztertzen alegia. GARA

kontrapartidak

Arantza Tapiak azaldu zuenez, hegazkin konpainiek «kontrapartida ekonomikoa» eskatzen dute Hondarribira lanera etortzeko. Alderdi politikoak, ordea, ordain ekonomikorik ez ematearen alde agertu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo