GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Familien aurrezkiek gora egin dute, horien beldurrak gora egin duen neurrian

Familien aurrezki tasak gora egin du. Datu objektiboa da. Horren interpretazioa, ordea, ez bide da berbera izango ahal duten apurra aurrezten duten familiek eginda edo hasieran krisirik sumatu ez, berehala kimu berdeak ikusi eta orain krisiaren bukaera iragartzen dutenek eginda. Azken horiek ez dute zantzu handirik behar ekonomiaren susperraldia iragartzeko, are gutxiago enpresaburuen elkarteek egoera «bere onera» itzultzen ari dela diotenean. Familia gehienek, berriz, ez dute aurrezki tasaren gaineko datua ukatuko, baina bai enpresaburuentzat hobera egin duen egoera hori eurentzat ona dela. Egoera horrek eragin du, hain zuzen, aurrezkiak emendatzea. Ez dirudi zaila efektu horren kausari antzematea: beldurra. Izan ere, edozein langilek -krisiaren ondorio larrienak jasaten ez baditu ere- ingurura, sentitartera, lagunartera begiratu besterik ez du langabezia eta enplegu erregulazio espedienteak salbuespenak ez direla ikusteko. Aberatsen dirutzak handiago egin dira krisi garaian, hori ere datu objektiboa da, eta jakina da, halaber, etxe arruntetara sartzen den dirua eskastu egin dela. Horregatik saiatzen dira familiak ahalik gutxien gastatzen, eta ez egoera ekonomiko onagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo