Koldo Aldabe 2010/1/8
Izua
Gripearekin hedatu zutena, jendea txertoa hartzera ia behartuz, premiaren beldurra haizatuz. Multinazional bat baino gehiago aberastu da dagoeneko, eta estatuak txerto soberakinak nori eman jakin ezinda dabiltza.
Eskanerren negozioa zabaldu dute orain. Baina... maletetan ezkutatutako lehergaiak agertu dira handik hona bidaiatzen, ezti poto bat produktu oso arriskutsutzat jo dute. Giza gorputzak arakatzeko eskanerrek ez lukete balioko bi kasu horietarako. Berdin dio. Are, eskanerrak bultzatzeko balioko dute.
Gastuak justifikatu egin behar direlako. Espainiako Barne Ministerioa maisu da, ETAren atentatu eta bahiketak aurreikusiz. Ezer gertatzen ez bada segurtasun indarren efikaziarengatik izango da, eta ez testuinguruaren irakurketa politiko baten ondorioz.
Eta elurra, noski. Iritsiko da halako batean. Hirugarren honetan ez bada hurrengoan. Inguruotan normala den gauza bakarra ezohiko eta anormal bihurtzen baitigute beldurraren beldurrez.