DEIA | Rikardo Arregi 2010/1/6
Kultura gehiago
Nire bigarren Bonokultura erosi nuen atzo. Erosi eta xahutu liburuetan (ez naiz oso berritzailea kontu horietan). Fermin Etxegoienen Autokarabana eleberria (k kontuan hartzeko) eta Alice Munro-ren Secretos a voces ipuin bilduma (c kontuan hartzeko asmoarekin, baina erru sentimenduz beterik, Alice Munrok ingelesez idatzi eta ni gaztelaniazko itzulpenarekin konformatuko bainaiz, zer esango du Hezkuntza Sailburuak?). 15 euro oparitzen du Eusko Jaurlaritzak. Gutxi, bai, baina nik oso merke saltzen dut nire burua.
Dena den, bitxia da bonokultura horiekin erosi ahal duguna; kulturaren ikuspegi klasiko eta tradizionala erakusten du Jaurlaritzak, ez dena inolaz ere postmodernoa: liburuak, musika, museo edo antzerki sarrerak... Alde batetik uste dute liburu guztiak edo musika guztiak kultura direla, guztiok dakigunean liburu asko eta musika asko zaborra besterik ez direla; Jorge Bucay kultura moduan hartzeak min egiten dit, adibidez, baina prest nago onartzeko kultura, edo kulturak, dena izan daitekeela. Horregatik uste dut idatziarekiko begirune primitiboa atzean utzi eta kulturaren itsaso ardo koloreko zabalean nabigatzeko baimena eman beharko ligukeela Jaurlaritzak.
Zeren sukaldaritza edo gastronomia kultura bada (eta ni prest nago hori onartzeko), zergatik ezin dugu bonokultura horiek Arzak edo beste sukaldari jaun txit argi baten jatetxean xahutu? Are gehiago, zergatik ezin dut xahutu diru hori Konproskin tomateak erosteko? Nik neuk antolatuko dut etxean kulturatxo bat bazkaria prestatzean. Eta zer esan ardoaren kulturaz? Mila aukera bururatzen zait bonokultura oso bat botila bakar bat erosten gastatzeko. Pilota ere kultura da, euskal kultura seguru asko, Martinez de Irujo ikustea ez al da kultura, orduan? Eta Sebastian Gonzalezen elastikoa erostea?
(...) Agian ez da ona gehiegi pentsatzea. Dirua hartu eta erosi hitzartuta dagoena, besterik ez.