Ibai Peña iheslari politikoa kontrol batean atxilotu, eta espetxeratu egin dute
Auzitegi Nazional espainolak gaztea atxilotzeko agindua eman zuen iaz, epaiketa batera agertu ez zelako. Ostiral gauean beste hiru gazterekin autoan zihoala kontrol batean gelditu, eta laurak atxilotuta eraman zituzten Baionako komisariara. Beste hiru lagunak aske utzi ostean, Paueko epaitegira eraman zuten Peña, eta gaztea espetxeratzea erabaki zuen epaileak. Asteartean aztertuko dute euroagindu eskaera.GARA |
Polizia frantsesak Ibai Peña iheslari politikoa atxilotu zuen ostiral gauean. Atzo arratsaldean Paueko Fiskaltzaren aurretik igaro ostean, epaileak atxilotua espetxean sartzea erabaki zuen.
Auzitegi Nazional espainolak Ibai Peña gasteiztarra bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen pasa den urteko ekainean, epaiketa batera agertu ez zelako. Asteartean aztertuko dute Paueko epaitegian gasteiztarraren aurkako euroagindu eskaera.
Lekukoek azaldu zutenez, Peña beste hiru gazterekin batera zihoan auto batean, eta errepide kontrol batean gelditu egin zituzten. Poliziek, gazte guztiak identifikatu ostean, Peñari eskuburdinak jarri zizkioten.
Ibilgailuan «zerbait atzeman zutela» argudiatuta, lau lagunak -tartean adin txikiko neska bat- Baionako komisariara eraman zituzten poliziek. 20 bat lagun komisariaren aurrean bildu ziren atzo goizaldeko ordu biak aldera, lau gazteen askatasuna eskatzeko.
Goizaldean, Peña izan ezik beste gazteak aske utzi zituzten. Adin txikiko neska atera zen lehenik Baionako komisariatik, eta beste bi lagunak ordu erdi geroago.
«Bazekiten nor bilatzen zuten»
Lekukoek azaldu zutenez, atxiloketa uneko errepide kontrola ez zen kontrol arrunt bat. Izan ere, adierazi zutenez, «poliziek bazekiten nor bilatzen zuten».
Atxiloketa salatzeko eta Peñaren kaleratzea eskatzeko atzo eguerdian 30 lagun inguruk elkarretaratzea egin zuten Baionako komisariaren aurrean, amnistiaren aldeko mugimenduak deituta.
Era berean, Baionako gazte asanbladak gogor salatu zuen «gazteen aurkako eraso berria» eta bere elkartasuna adierazi zion atxilotuari. Zentzu honetan, atxiloketa salatzeko antolatuko diren ekimen guztietan parte hartzeko deia egin zuen gazte asanbladak.
2006an atxilotua
Berri agentziek zabaldu zutenez, 2006. urteko urrian Ertzaintzak Ibai Peña atxilotu zuen Gasteizen, beste gazte batekin batera, kale erasoak egin izana leporatuta. Orduan, espetxeratu egin zuten gasteiztarra. Bi hilabete espetxean igaro ostean, 12.000 euroko fidantzarekin atera zen Aranjuezeko espetxetik.
2007. urtean, berriz, Polizia espainolak Gasteizen burutu zuen operazio baten ostean, Madrileko Auzitegi Nazionalean aurkeztu zen, eta epaileak aske utzi zuen epaiketaren zain.
Iazko ekainean auzitegi horrek gaztea bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen, epaiketa batera agertu ez zelako. Hori dela-eta, Paueko epaitegian Estatu espainolak egindako euroagindu eskaera aztertuko dute asteartean.
Lekukoen esanetan, poliziek bazekiten nor bilatzen zuten. Lau gazteak identifikatu ostean, Peñari eskuburdinak jarri zizkioten, eta guztiak Baionako komisariara eraman zituzten.
Amnistiaren aldeko mugimenduak deituta, atzo eguerdian 30 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Baionako komisariaren parean, atxiloketak salatu eta Ibai Peña aska dezatela eskatzeko.