GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herrirako «lurralde elkargoa» sortzeaz galdeketa egingo du Baterak

Akitaniako kontseilariak hautatzeko izango diren bozetan, Baterak Ipar Euskal Herriko erakundetzeaz galdeketa egitea deliberatu zuen. Atzo, pausatuko den galderaren formulazioa zehaztu zuen.

p017_batera.jpg

Arantxa MANTEROLA | UZTARITZE

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren erakundetzeaz herri-galdeketa egiteko, martxoko Eskualdeko hauteskundeak baliatuko zituela iragarri zuen, uztailean, Batera plataformak. Atzo Uztaritzen egin biltzarrean, galderaren formulazioa zehaztu zuten.

Bi aukera izan ziren eztabaidagai. Batetik, «Ipar Euskal Herriko instituzio» baten aldekotasuna mahai-gaineratzen zuena; eta, bestetik, «euskal lurralde elkargo bat» sortzeari buruzkoa. Azken hori izan zen, alde askorekin (69 bozetik, 64 alde) babestuena.

Hasiera batean, Departamenduaren aipamena egingo zukeen galdera pausatzeko asmoa zuen plataformak, baina Balladur erreformaren harira, Estatuaren egituraketa instituzionalean izango diren aldaketa sakonen aitzinean, gaia birplanteatu zuten.

Horrenbestez, azken urteetan eskakizun horren inguruan hamaika ekimen (manifestazioak, 32.000 sinaduren bilketa, hautetsien adierazpenak...) egin dituen arren, «funtsezkoena Ipar Euskal Herriaren nortasuna aitortuko duen egitura lortzea denez», azkenean formulazioa egokitzea deliberatu dute.

Otsailaren 6an egingo dituzte antolaketa-bilkurak kantonamenduka. Momentuz, 88 hauteslekutan mahaiak jartzeko moduan izatea aurreikusi dute, baina ahalik eta gehien ezartzea dute helburu.

AHTren burdinbide berriaz galdeketak egingo diren herrietan, berriz, bigarren itzulian, martxoaren 21ean, ezarriko dituzte mahaiak.

Aitortza

«Funtsezkoena Ipar Euskal Herriaren nortasuna aitortuko duen egitura lortzea denez», azkenean «euskal lurralde elkargo bat» sortzeari buruzkoa izango da galdeketaren muina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo