GARA > Idatzia > Ekonomia

Gobernu frantsesa haserre, Renaultek Turkian fabrikatu nahi duelako Clio modeloa

Gobernu frantsesak azalpenak eskatu dizkio Renault ibilgailu ekoizleari, Clio modeloa ekoizteko Turkiara jotzeko asmoa duela jakitean. Krisiari aurre egiteko jasotako laguntza publikoak gogorarazi dizkio UMP alderdiak.

p027_f02_148x96.jpg

GARA | PARIS

Gobernu frantsesak azalpenak eskatu dizkio Renaulti, auto fabrikatzaile frantsesak azken belaunaldiko Renault Clio-a Turkian fabrikatuko duela jakin ostean, filtrazio baten bidez. «Liberation» egunkariak atzo argitaratutakoaren arabera, Christian Estrosi Industria ministro frantsesak batzar batera deitu du Patrick Pelata Renaulteko zuzendari nagusia, hurrengo asteazkenerako. Izan ere, autogileak Clio berriaren fabrikazio osoa Turkiako Bursako lantegian egiteko asmoa duela zabaldu izanak polemika handia sortu du.

Sarkozyren Exekutiboak oraingoz iritzirik plazaratu ez badu ere, UMP gobernuko alderdiak haserrea erakutsi du: «ez da onargarria», adierazi zuen atzo Freederic Lefebvre UMPko bozeramaileak, Renault Clio-aren fabrikazioaren deslokalizazioari buruz. Estatu frantsesak eta berarekin batera zerga-ordaintzaile guztiek ekarpen handiak egin dituzte azken urtean krisialdia dela-eta «Renault salbatzeko», gogoratu zuenez.

Konpainiako langileen langabezia partzialaren ordainketa hobetzeaz gain, funts publikoetatik 3.000 milioi euro eman zioten Renaulti, maileguetan, eta beste 275 milioi gehiago Flins-eko zentroa ibilgailu elektrikoen ekoizpenerako bikaintasun zentro bilakatzeko. Inbertsio horiei gehitu behar zaie ibilgailu zaharkituak desegiteko 2009an emandako diru laguntza, 400 milioikoa, nahiz eta hori autogintzako enpresa guztien mesederako izan den.

Renaultek ez du asmoa baieztatu, baina azaldu duenez, Clioa, 14.000 euroko ibilgailua, Turkian fabrikatzeak %10 aurreztea ekarriko die, Estatu frantsesean ekoiztearen kostuarekin alderatuta. Egun, Flinsen eta Valladoliden fabrikatzen da Clio modeloa, eta Estatu frantsesa Renaulteko akzioen %15en jabe da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo