Top-14a
Biarritz hasi da berriro okertzen
Lapurtarrek aurkari zuzen baten aurka galdu ostean, sailkapenean atzera egin dute, eta zortzigarren posturaino jaitsi da taldea.
STADE FRANÇAIS 25
BIARRITZ 15
Jon LEUNDA
Biarritzek atzerapausoa eman zuen atzo Parisen galtzean. Izan ere, sailkapenean ere atzera egin du talde zuri-gorriak, eta gainera, bi postu galdu dituenez, une honetan lehen sei postuetatik kanpo geratu da, baita final-laurdenak jokatzeko aukera ematen duten lekuetatik ere.
Egun handietako giroa izan zen atzo Parisen, Saint Denis estadioan. Ia 80.000 ikusle, eta txapelaren lehian ibili behar duten bi talde aurrez aurre. Nahiz eta aurten ez dabiltzan ibili behar luketen lekuetan, bi hauek Top 14ko bi handi dira, eta hori argi eta garbi ikusi zen harmailetan, nahiz eta gero, berdegunearen gaineko inork ez zuen apartekorik erakutsi.
Gauzak azkar okertu ziren euskaldunentzat, bigarren minuturako etxekoak aitzineratu baitziren: Basteraudek lehen jokaldian entsegua lortu zuen, eta Beauxisek ez zuen ostikoarekin hutsik egin, eta hala, markagailuan 7-0 emaitza jarri zuten.
Hortik aitzinera, talde frantsesa hobeto aritu zen. Presioa goian egiten hasi zen, eta uztartzeetan eta eskasetan ere nagusi ateratzen zen. Eta euskaldunak, ezinean. Hala ere, azkeneko metroetan defentsa bikaina erakutsi zuten biarriztarrek, eta etxeko taldea entsegu marratik gertu ibili bazen ere, ezin zuen entsegurik lortu.
Nolanahi ere, zigor ugari atera ahal izan zituzten, eta Beauxis bihurtu zen protagonista nagusia, hiru zigor-kolpe gauzatu baitzituen. Yachvilik ere bi zigor gauzatu ahal izan zituen, eta 16-6koa zekarren markagailuak taldeak atsedenera joan zirenean.
Bigarren zatian, gauzak dezente aldatu ziren. Euskaldunei aurrera joatea beste aukerarik ez zitzaien geratzen, bestela ez baitzuten ezer lortuko, eta horixe egin zuten, baina frantziarrek atzean lan bikaina egin zuten, eta euskaldunak hobeto ari baziren ere, ezin izan zuten entsegu bakar bat ere lortu, eta puntuak ostikoen bidez heldu ziren. Yachvilik bi zigor-kolpe gauzatu zituen, eta Peyrelonguek, berriz, drop bat lortu zuen. Etxekoen aldetik, berriro ere Beauxis izan zen jokalaririk onena, izan zituen aukera guztiak barrura sartu baitzituen. Orain, Ligak atseden hartuko du, eta heldu den astean Europako lehiaketaren txanda izango da berriro.
Donostian partidarik ez
Gaur eguerdian zen jokatzekoa Donostian Ohorezko Mailako euskal derbia, Bera Beraren eta Ordiziaren artekoa, baina elurra dela-eta, norgehiagoka atzeratu egin behar izan dute.