KRONIKA | Hatortxurock
Burua hotz eta bihotza bero, elkartasun jaialdiaren hasieran
z dago elkartasuna geldituko duen elurterik». Hori zioen Hatortxurock-ek Interneten duen atarian idatzitako leloak, eta hori zen Burlata eta Atarrabia artean ezarritako gunean lanean ari ziren antolakuntzako lagunek adierazitakoa. E
Koldo OTAMENDI
Kokagune berria, baina orain dela hamaika urteko helburu berberekin, neguan ospatzen diren jaialdien artean erreferentzia nagusia bilakatu da Hatortxurock. Lakuntzan egindako hamargarren edizio berezia alde batera utzita, ohiko formatura itzuli da Hatortxurock aurten. Hamarkada luze batez etenik gabeko jardueran, dozenaka izan dira taula gainera igo diren musika taldeak. Aurtengorako prestatu den kontzertu afixak zortzi talde iragartzen zituen, baita musika era eta estilo ezberdinetako disko-jartzaileak ere. Urtez urte, milaka ikusle batu ditu aldarrikapena eta festa batzen dituen elkartasun ekimenak, eta aurten ere halaxe izan da.
Arratsaldeko lehen orduetarako hasi ziren ikusleak inguratzen, beroki, eskularru, mendiko botak eta hotzari aurre egiteko beharrezko jantziekin babesturik. Elurra mara-mara, baina Euskal Herriko txoko guztietatik iritsitako gazte eta ez hain gazteak ugaritzen ari ziren hesitutako jaialdi gunearen aurrean: gehienak nafarrak, baina Bizkaitik eta Lapurditik etorritakoak ere bai. Egunean zehar errepideetan izaniko arazoak ez ziren oztopo izan elkartasuna eta festa egin nahi zuten milaka lagunentzat. Alta, kanpotik etorri behar ziren zenbait autobusek bidean gelditu behar izan zuen eguraldi traketsa zela medio, baina jendeak ez zuen hutsik egin eta iritsi, iritsi zen.
Bi karpa nagusietan banatu ziren emanaldiak, eta etenik gabe, musika izan zen protagonista goizaldeko ordu txikietara arte. Arratsaldeko zazpi eta erdiak zirenean igo ziren Bizardunak taula gainera, artean iristen ari zen jendea agurtuz. Kontzertua hasi aurretik, taldeko abeslarietako batek hauxe adierazi zigun: «Guretzako gauza handia da Hatortxun parte hartu ahal izatea. Betidanik ezagutzen dugu jaialdia eta nafarrak izaki gainera plazer handi bat da». Indartsu eta betiko moduan zirikatzaile aritu ziren, eta nafar izaerako irlandar doinuekin, hotzari aurre egiten hasi zen jendea. Bitartean, karpa handian DJ Nari ari zen musika jartzen.
Ken Zazpi-ren itzulera
Ken Zazpi arduratu zen bigarren karpa irekitzeaz. Ez da oso ohikoa Gernikako taldea halako jaialdi handietan eta talde askoren alboan zuzenean ikustea, baina Hatortxun ere izan ziren. Azken boladan antzokiak eta aretoak dira Ken Zazpiren jomuga nagusiak, nahiz eta jakina den taldeak halako ekimen eta egitasmoen alde duen konpromisoa. Ken Zazpiko Eñaut Elorrietaren esanetan, «azken bi urteetan konposatze lanetan harrapatu gaitu, eta honakoan parte hartu nahi izan dugu». Ez zen, nolanahi ere, Ken Zazpik Hatortxun jo duen lehen aldia, eta oroitzapen ederrak aipatu zituen jaialdiari buruz hitz egitean: «Hirugarren edo laugarren aldia da Hatortxun ari garena, eta gustura eta ilusioz hartzen dugu antolatzaileen gonbidapena». Gogor ekin zioten taula gainean, indartsu, argi joko ikusgarri eta emozio biziz. Agertokiaren alboetan ezarritako pantaila erraldoietan, gertutik ikustea zegoen taldearen irudia, baita ikusleen jarrera ere.
Lerro hauek idazterakoan Goar Cicatriz zen taula gainera igotzekoa. Gaua aurrera joan ahala Obrint Pas, Boikot, Def Con Dos, Soziedad Alkoholika, eta festa amaitzeko Trikidantz erromeria taldea igaroko ziren bi karpa handietatik. Bien bitartean, jendea iristen ari zen etengabe. Elurra mara-mara, eta hotz galanta egiten zuen kanpoan; karpa barruan, berriz, ikusleen artean, urrun daudenak gogoan, bihotzak bero sumatzen ziren.