Deportivori bisita zaila
Behin eta berriz saiatzeak ekarriko dio punteria
Gogo biziz zelairatzea eta identitatez jokatzea izango da Camachoren ustez, garaipena lortzeko bidea.
GARA | IRUÑEA
Kraskaturik dagoen ispiluaren antzera, irudi ezberdinak eskaini ditu Osasunak urte hasiera honetan. Real Madrilen aurka Iruñean lorturiko merituzko puntuak zapore ezin gozoagoa utzi zuen gorritxoen baitan. Herculesek tranpa latza jarri zien, ordea, bere tenplu sakratuan, eta Camachoren mutilak galtzaile atera ziren Kopako joaneko partidan.
Halakoetan beti aipatzen da taldeak hausnarketa egin behar duela, benetan komeni zaion joko-moldera hurbiltzeko egin beharrekoa zer den galdetuz. Baina erantzunak bilatzeko tarte gutxi utzi dio elurrak Osasunako entrenatzaileari, eta ez da erraza izango gaur garaipena lortzea, aurrean gorako bidea berrartu nahi duen Deportivo egongo delako.
Galiziako taldeak hiru berdinketa lortu ditu ondoz ondo, eta atzetik datozen taldeek gogor mehatxatzen dute sailkapeneko seigarren postu desiratua. «Osasunak maila ona eman du Bartzelona edota Real Madrilen aurka, eta berebiziko garrantzia dauka guretzat haien aurka garaipena lortzeak», esan zuen Miguel Angel Lotina, Deportivoko entrenatzaileak.
Camachok bere taldearen gain jarri nahi izan du presio guztia. «Guk jokatzeko modu berdina daramagu beti. `Depor'ek irabazten baldin badu, izan dadila merezi izan dutelako, eta ez gure oparirik jaso dutelako», adierazi zuen murtziarrak.
Osasunak lau puntuko errenta polita dauka oraindik jaitsierako postuen aldean. Baina ezustekoak urruti mantentzeko, albait arinen hasi behar dute puntuak pilatzen. Datuak ez dira oso positiboak nafarrentzat. Batetik, azken bederatzi neurketetatik, bakarra irabazi dute gorritxoek; eta bestetik, Ligako azken zazpi partidetan hiru gol baino ez dituzte lortu. Coruñan gaur irabaziz gero, sekulako horzkada emango liokete bi estatistika horiei, eta asko onduko luke nafarren animoa.