GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskal preso politikoen borrokaldia

Euskal preso politikoen kolektiboaren oharra eta agiria

p006_f01_46279.jpg

Bere protesta abiatzen dela gogorarazteko prentsa-ohar hau kaleratu zuen atzo EPPK-k. Haren hiru aldarrikapen nagusiak zeintzuk diren berresten du bertan, eta «xantaian» oinarritutako jokabidea baztertzera deitzen ditu bi estatuak:

2010. urteari borrokaldi berrituarekin eman diogu harrera. Agirian adierazi dugun bezala, hilaren 4an hasi eta lehen egunetan espetxetako mugimendu honen arrazoiak plazaratu ditugu han eta hemen, komunikazio astea deitu dugunaren baitan.

Hilaren 11an, EPPK osatzen dugun euskal preso politikook, Espainia eta Frantziako espetxe guztietan itxialdian sartuko garela iragartzea gatoz.

Dagozkigun eskubide sortatik askatasunerako dugun eskubidea nabarmendu nahi dugu orain eta salaketarekin batera erakutsi, gure kidegoaren parte inportante eta zabala modu ezin krudelagoan bahiturik aurkitzen dela, horretarako berariaz asmatutako lege, arau eta trikimailuei esker.

Ondorioz, behin eta berriro gogoratzeagatik ez gara aspertuko:

-Gaixo larri ditugun gure kide guztiak berehala kaleratuak izan daitezen exijitzen dugu. Heriotzaren korridoretik atera ditzatela. Haiei gerta dakiekeen ezein kalte atzeraezinen erantzukizun osoa Gobernu espainolarena izango da.

-Bere unean tribunal arrotzek ezarritako zigorrak aisa beteta dituzten gure kideak berehala kaleratuak izan daitezen exijitzen dugu.

-Baldintzapeko askatasunean kaleratuak izateko bere unean tribunal arrotzek ezarritako zigorraren denbora aisa gaindituta duten gure kideak berehala kaleratuak izan daitezen exijitzen dugu.

Gobernu espainol eta frantsesari dagokie aipatutako norabidean errealitate larri eta onartezin honi irtenbidea ematea. Xantaian oinarritzen den damuketa politiko berrituari fruitu miserableak bilatzen aritu baino.

Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia osoa!

EPPK

2010eko urtarrilaren 10ean

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak joan den asetan helarazitako agiria berreskuratzen dugu jarraian, aspaldi honetan hedabide zein alderdi askok beraiekiko hartu edo indartu duten jarrera desinformatiboa eta horren erabilera ikusirik. «Kriminalizazio» ahalegin horri buruz hitz egin da aurreko orrietan, eta EPPK-k berak horixe eta gehiago aipatzen du testu honetan. Hauxe da, hitzez hitz, «30 urte borrokan. Euskal presoak Euskal Herrira» izenburupean beraiek esandakoa:

2010 urte berriko lehen egunetan borrokaldi berria abiatuko dugu. Euskal gizarteari mobilizazioaren arrazoiak ezagutzera ematera gatozkio agiri honetan.

Zapalkuntzak borroka eragin du. Borrokak errepresioa. Errepresioarekin pertsekuzioa. Salbuespen egoera bortitzak. Heriotza, tortura. Erbestea, espetxea. Azken hiru hamarkadetan berdintsu. Iruzur politikoa eta borroka iraunkorra. Hamaika desarrazoi, atsekabe, heriotza.

Dena ez da samina. Borrokaren garraztasunak askatasun mugarriak eraiki ditu. Halaxe gorpuztu da, urte latz eta luzeotan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, dena eman duten kideen ekarpen eskuzabalaz. Berariaz aipatuko ditugu atariko honetan askapen mugimenduaren ibilbide luzea ezagutu eta gobernu ezberdinen politikak espetxean jasan dituzten kideok. 30 urtez giltzapean daukaten Gatza kidea, eta segidan atzetik doazkion espetxealdi luzeko beste guztiak. Lagunoi, ohore! duintasun, kidetasun, maitasun eta borroka erreferentzia ditugun horiei, gorazarre! omenaldi sentikorrena eskainiko diegu hitzon bidez eta aurrean dugun borrokaldi berriaren bidez. Biba zuek!

Halaber, euskal preso politikoon eskubideen defentsan zauritu, jipoitu, mehatxatu, atxilotu, espetxeratu eta hiltzeraino eraman dituzten lagun oro ditugu gogoan. Gure errekonozimendu publikoa lerrootatik guztioi. Gure hurbiltasuna, maitasuna gertukoei. Haien izana oroitzan, udako oldarraldiak eragindako emaitza mingarriaren izena hemen, Billabonako Remi gaztea, zipaioen basakerien zerrendan azken biktima.

Azkenik, espreski gogora ekarriko dugu Jon Anza militante eta 21 urtez kide izandakoa. Espetxealdi luzea eginagatik ere, kalean borrokan jarraitu duen laguna, Espainiako armadak bere eritasun larriaz jakitun, bahitu, torturatu eta erail arte.

Barrutik dakusaguna

Errepresioaren errotak ez du etenik. Sarekadak, auziak, kondenak, espetxeratzeak. Ezker Abertzalea, gazteria, «Egunkaria», Udalbiltza. Denentzako egurra. Gure eremuari helduko diogu berria ez dugun baieztapenarekin hasteko: egoera politiko orokorra eta espetxetako egoera eskuz esku doaz.

Azken erasoei etsaiak eman dien dimentsioa da azpimarratzekoa. Haiek kokatu baitute EPPK gaitegi politikoan. Kokapena, ohi dutenez, jazarpenaren aldetik heldu da, ez beste inondik. Aurretiko urratsei berriak gehituz, presoon kontrako oldarraldia kalera eraman dute, modu esanguratsu eta interesatuan, udako giroa gaiztoki kutsatuz. Presoon irudia aitzakia, elkartasuna eta borroka erreferentzia jo puntuan jarri dute. Erasoa,elkartasunaren jazarpenaz haratago, euskal gizartearen gaitasun mobilizatzailea murrizteko baliatu nahiko lukete. "Vaciar los espacios de impunidad" deitzen diote jokabide faxista horri.

Luze gabe, hurrengo kolpea: miaketak. Kaletik espetxera orain. Nolako beheramendu politiko eta etikoa, presoon senide eta lagunak goitik behera miatzea! Eskuz, ukimenez eta baita "beharrezko" balute biluzketa integrala eginaraziz. Haur, zahar eta gazte. Argitara emandako oharrean jakinarazi bezala, batetik, ez dugu onartuko bisitetara datozen senitartekoek tratu desegokia jasan behar izatea, eta, bestetik, dagozkigun bisitaldiak baldintza egokietan eman daitezen exijituko dugu, hamarkada luzetan borroka bidez irabazitako eskubideak ez -ditugu eta hutsaren hurrengo bilakatzen utziko.

Biluzgorrian gaituzte, baina arrazoiz jantzita, duintasunez jantzita, agindua eman dutenak ez bezala. Espainiako espetxe zuzendari eta funtzionarioei ohartarazten diegu, gurekin eta gure senideekin, baina euskal gizartearekin aurrez aurre ipini direla. Joko politikoaren mesedetan erabiliak direla. Gobernuak emandako aginduaren aplikazioa bertan behera utz dezatela. Bitartean, espetxez espetxe erasoaren tamainaren arabera erantzuten ari gara. Erantzuten segituko dugu.

Gasteizko Parlamentuan izan dugu gonbitik gabeko hitzordua presook. Euskal Preso Politikoon sakabanaketa salatzeko asmoz egindako proposamena baliatu baitu lotsagabe eta arduragabeki PP-PSOE bikoteak sakabanaketa kriminalaren zilegitasuna eta behar politikoa aldarrikatzeko. Ez dira ohartu osotara, sakabanaketa eta haren ondorioen erantzunkizuna eguneratu dutela parlamentariok ariketa honekin, espetxe politikak eragindako 37 hildakoak eta bestelako kalte humano eta materialen erantzule euren burua salduz. Ez dira jabetu, herriak ez duela etsiko kaltea ordainarazi arte. Ardura politikoei aurre egin beharko dieten eguna iritsiko da.

Erasookin, egoera politikoa desitxuratu eta eztabaida politikoan eragin nahi dute, beste harri-koskor bat gehitu. Egitasmo politikoak errazago aurrera eramateko helburu politikoa dute, egoera politiko berria irekitzen ez uzteko. Azken hamarkadako mami eta urrats politikoak ezabatu nahi dituzte.

Sakabanaketaren zilegitasuna eta legezkotasuna aldarrikatuz ardurak ezkutatu nahi dituzte. Irudi ehiza eta miaketa doilorrekin, xantaia egin asmo digute, kontraesanak sorrarazi. Bestetik, gizarteagandik isolatu nahi gaituzte. Inpunitate eremua zabaldu asmo dute espetxeetan zernahi egiteko, edozelako mugimenduak errazteko.

Barruan dakusaguna

Testuinguru honetan ari gara barruan. Espetxe politika eta ondorioz euskal preso politikoak Estatuen zapalkuntza estrategiaren menpeko jarraitzen baitugu. Presoak gogor zigortzeko tresna izateaz gain, mugaraino eramaten dituzten erabaki eta neurriekin, espetxe politikak, nazio askapen prozesua baldintzatzeko helburua du, ikusi dugunez.

Obamari munduko zoko guztietatik begiratzen zaio. Hari so mandatari guztiak. Halaxe, Espainiakoa eta Frantziakoa, lehena uzkur eta bigarrena jeloskor, bekaizti. Guantanamon bahituta dituzten presoak, zuzenbidezko babes demokratiko orotatik at, mundu osoko kezka eta mintzagai bilakatu dira. Ez ote dute Zapaterok eta Sarkozyk ispilu horretan euren erretaratua ikusten? Ez ote ditu inork interpelatuko? Ez ote dute ba Espainiak eta Frantziak Europako Guantanamoa kudeatzen? Eraitsi dezatela euren Guantanamo propioa: judiziala, poliziala, eta penitentziarioa. Ez gaituzte laranjaz jantzarazten, baina heriotza-korridoreak badira Espainiako eta Frantziako espetxetan. Torturatu gaituzte komisarietan lehenik, tortura zuria aplikatzeko gero urte luzetan. Biziarteko zigorra indarrean da.

Gure irudietan lehenik, eta bisitetako senideon miaketekin gero, sakatu dute presoen gaia politikoki giroa nahasteko, esan bezala. Guztiaren atzean da espetxeetan bizi dugun errealitatea:

Guantanamo espainola eta frantsesa. Garaiotan, nabarmen ari dira gibelasmotan. Traslado etengabeak ematen dira preso batzuk urrunduz eta beste batzuk "hurbilduz". Bizibaldintzen inguruan kontraesanak sortu nahian, presoen artean egoera ezberdinduak eragiten dituzte: baldintza eramangarriak egoera limiteekin konbinatzen dira, isolamendua, jipoiak, presoa bere inguruarekin erlazionatzeko oztopoak, komunikatzeko arazoak, etabar... Makila eta azenahoriaren politika ezaguna berritzen.

Jakin dugu Igor Gonzalez kidearena. Samina sentitzen dugu. Inpotentzia. Egoera kaxkarrean zela jakitun zen espetxea. Bere buruaz beste egiteko saiakerara nola heldu da? Egoera horretan trasladatuz heriotza zigorra aplikatu diote. Presoon sufrimenduarekin jolasean dabiltza. Zitalkeria halakoa. Zer gerta dakiokeen erantzule bakar Gobernu espainola egiten dugu.

Osasun egoera larrian ditugu kide batzuk. Bizitza jokoan, heriotzaren mugan. Kaleratua izan den azken kidearen atzetik, Belen Gonzalezen atzetik, kaleratuak izan daitezela beste guztiak orain! Xantaia eta damuketa saiakerak alde batera utzi eta kanpoan osasun asistentzia egokia jasotzeko aukera izan dezatela exijitzen dugu. Biziarteko zigorra aipatu dugu. Patxi Gomez kidearen egoera ezagutzera eman da: tortura zuria. Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatzen hasi direnetik 50etik gora laguni eragin die neurriak. Bere garaian ezarritako zigorrak beteta, de facto preso atxiki dituzte, irizpide politiko huts baten aginduz, erabaki judizial baino dekretu administratibo faxista dena. Onartezina, ezin krudelagoa. Doktrina eta espetxean mantentzeko agindua indargabetzea exijitzen dugu, afektatuak diren kide guztion berehalako kaleratzea. Berdin baldintzapeko epeetan diren ehundik gorako kidego multzoari buruz, kaleratzea oztopatua dute zigorraz geroztik, ad hoc moldatutako lege eta arauen aginduz.

Biziarteko espetxe zigorra inoiz gaindituko bagenu, espetxetik irten eta kateatuta nahi gaituzte, dekretuz deserriratuak. Preso ohien inguruko neurri berriak iragarri dituzte, praktikan modu ezberdinez aplikatzen ari direnak. Mugarainoko politika honen ondoan damuketa politika berria dugu.

Euskal Preso Politikoon jarraipenerako ekipoa berrantolatu izana Espainian elementu berria da, espetxeetan presoon segimendua zorrotz egiteko funtzionarioak ipintzea bezala, aipatu ekipoaren katebegi gisa. Hainbat espetxetan funtzionario-mezulariak izan ditugu mintzaide, gure iritzi eta jarrerak neurtzeko helburuarekin. Kolektiboarekiko atxikimendua mantentzen ote dugun galdezka, mesedeak nahi ote ditugun iradokiz, Euskal Herrira joateko atea zabalik dela lotsagabe esanez.

Biziki salagarri eta jakingarri irizten diogu Euskal Herriko espetxeetan gertatzen ari dena. Martuteneko espetxean bi kideri damutuketa eskaintza egin die bertoko zuzendariak. Exijitutako baldintzak betetzea (kondena publikoa, kalte-ordaina bermatzea, kolaborazioa...) edo berehala Euskal Herritik kanporatuko dituztela mehatxu eginez. Urrian gertatu da. Berdintsu Langraitzen. Kolektibokoak ote garen galdetu eta baiezkoa emanda trasladatuak izan dira kide batzuk. Posible ote da hori Euskal Herriko espetxeetan gertatzea? Nortzuk dira bi zuzendariok halako xantaiak egiteko? Egunero espetxe hauetan sartu-irten egiten duten horiek?

Komunikabideen papera ere nabarmena izaten ari da presoon hitzak eta jarrerak manipulatuz, oihartzun mediatikoa eman eta ondoren mugimenduak justifikatu. Presoon hitzak edota posta miatu, manipulatu, moldatu, berri toxikatzaileak eraikitzeko. Datozela gugana gure jarrera eta hitzen interesa dutenak: hor da Kolektiboaren mintzakidetza.

Ez dugu baztertzen etsaiaren aldetik mugimendu sakonagoak egiteko aukera. Laguntza mediatiko osoarekin, traslado masiboak egiteko tentazioa izan dezakete, Kolektibotik at diren kide ohien erabilpena baliatuz damuketa politika berrindartzeko. Bide batez, egoera politiko orokorrean maltzurki eragiteko. Herriari, dei egiten diogu, herritarrei, eragile sozial eta politikoei: euskal presoon eskubideen alde indar egiten jarrai dezatela eraginkor. Norabide honetan urratsak emateak egoera orokorrean urratsak ematea lagunduko baitu. Mobilizazio jendetsuek, sentsibilitate ezberdineko herritarrak batzeko bertutea izan dute.

Erantzun zabala antolatu da eta inportantea izan da. Sentitu dugu haize freskoa badela, honaino sarkor iritsi baita. Urrats berriak emateko balio behar du. Geldituko ditugu erasoak, baina bidezidorrik ez da, arnas berria borrokatik dator eta, argia, oldartzetik.

Agintari espainolei eta frantsesei, agintera heldu diren bezala, joan nahi ez badute, gatazka konpontzeko aukera galduta alegia, ikuspegi demokratikotik hel diezaiotela arazoaren muinari. Guri dagokigunez, espetxe politika errotik alda dezatela, hasteko, bahituak dituzten ehundik gora kide berehala kaleratuz. Guk dagozkigun eskubide guztien jabe izan arte, gure Herriaren eskubideen alde borrokan jarraituko dugu, gatazka politikoaren konponbidearen argiztagarri.

Barruan eta barrutik, dinamika berria

Urte batzuk badira jadanik Kolektiboa dinamika politiko iraunkorrean murgildua dela. Dinamika hau hileko bigarren eta azken ostiraletako ekimenetan oinarritzen da alde batetik, eta ezein erasoren aurrean erantzuteko ekimenetan, bestetik. Lehenari dagokionez, gure Estatus Politikoaren errepespetua aldarrikatuko dugu; ondorioz eta espetxe egoera larrienak salatu asmoz, kondena beteta duten kideen kaleratzea, gaixo larri direnen kaleratzea eta isolamendu-bakartasunik eza aldarrikatuko dugu.

Hilabeteotan, Jon Anzaren bahiketaren salaketa egin dugu iraunkorki eta Frantziako espetxeetan ikasketak egiteko debekuaren aurrean garatutako dinamika, zeinak babes eta atxikimendu andana utzi digun. Miaketen kontrako salaketa gehitu diogu gure dinamikari espetxez espetxe.

Urtarrilean abiatuko dugu borrokaldi berria eta urte osoan zehar bere garapena izango du. Lubakiotatik, espetxe politika ankerrari aurre egiteko garatuko dugu dinamika berria. Euskal Herriaren kontrako zapalkuntza orokorra indargabetu dezatela aldarrikatzera gatoz, errepresioaren antzutasuna azpimarratzera, espetxe politikaren antzutasuna, biziarteko zigorraren antzutasuna.

Egoera politiko orokorra irauli behar duen prozesu demokratiko indartsua abiatzearen beharra ere erakutsi nahi dugu. Euskal eragile politiko eta sozial nagusiei norabide horretan indar egin dezaten deia zabaltzen diegu, guk geronen ekarria jarriz.

Beraz, Amnistia helburu, sakabanaketa politika amaitu eta euskal preso politikoon eskubide urraketa sistematikoa bertan behera gera dadila. Estatus Politikoa ezagutua izan dakigun: Euskal Herrian bilduak izan gaitezen, dagozkigun eskubideen jabe.

Aldarrikapen nagusi hauen ondoan, eskaera zehatzok pausatzen ditugu:

- Bere unean ezarritako zigorrak gaindituta dituzten kideen berehalako kaleratzea.

- Kondizionalaren epeetan diratekeen kideen berehalako kaleratzea.

- Gaixo larri diren kideen berehalako kaleratzea.

- Bakarrik aurkitzen diren kideak berehala beste kideekin elkartzea.

Bultzada berritua ematera goaz! Urtarrila osoan zehar EPPK-ren kidegoa osatzen dugun guztiok batera ekingo dugu Espainiaren eta Frantziaren agintepeko espetxe guztietan. Borrokaldia ezagutzera emateko komunikazio astea eginez abiatuko gara hilaren 4an, segidan mota ezberdineko ekimenak, itxialdiak eta gose grebak egingo ditugu. Ondoren eta norabide berean, martxotik aurrera txandakako borrokari hasiera emango diogu. Euskal Presoak Euskal Herrira!

EPPK

2009ko abendua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo