GARA > Idatzia > Kultura

Maskaradari alai eta jende anitzen bulkadarekin eman diote hasiera Larrainen

Zuberoako herriak irriz eta dantzaz hornitzen dituen Maskaradaren hasiera zaila izan da, euria eta eguraldi txarra dela-eta. Baina, azkenean, argitu eta lasai egin dute Larraineko mozorro besta.

p048_f05_136x92.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohiturari segituz, Ori mendiaren magalean dagoen Larraineko hogeita hamar gaztek inauteriz jantzi zuten atzo beren herria. Johañe Etxebeste, aitzindariarena egin zuen larraintarra, kontent mintzatu zen Gararekin: «Hastapena zen zailena eta orain beste herrietan desberdina izanen da, lasaiago egonen gara», adierazi zuen. «Jokoa ongi pasatu da. Jende asko bazen. Buhameek munduko berriak aipatu dituzte: Kopenhageko kontuak, Frantziako berriak eta Sarkozyren hitzak, Afrikako gerlak eta arma saltzeak, A Gripea... Gai orokorrak landu dituzte. Bestalde, kabanak herriko albisteak eman ditu. Jendeak jokoa segitzen zuen», jarraitu zuen kontatzen. 16.30ean bukatu zuten, «biziki ongi», eta laster afaltzera joatekoak ziren, «aperitifa egitera».

Aurtengo berrikuntzetako bat ikusgarria barrikada hautsi ondotik segidan egitea izan da, bazkaldu baino lehen. «Gaua fite etortzen delako egin dugu. Altzain eta Altzürükün ere hala izanen da», agertu zuen. Etxebesteren ustez, alde ona eta txarra du horrela egiteak: garaiz bukatzen da, baina estres handiagoarekin, errazagoa delako janda egitea. «Beste erritmo bat da, baina biak ongi dira. Eginen dugu konparaketa».

Igandean Ligira joanen dira, goizean barrikadak eginen dituzte eta arratsaldean, aldiz, emanaldia. Han ez da aldaketarik izanen eta ostatuan bazkalduko dute. Maskarada egiten duten gazteek garrantzitsu deritzote herri txiki hauek euskal kulturan euskaraz parte hartzeari. Eta pozik daude hori egiten ahal dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo