ETA-ren agiriaren ondoren
Herri galdeketen arriskuez ohartarazi du Mayor Orejak
GARA
Ohi bezala, PPko Barne ministro izan zen Jaime Mayor Orejak ETAren agiriaz egin zuen irakurketa gainerako agintari politikoena baino askoz haratago joan zen. Bere ustez, orain Katalunian egiten ari diren erreferendumak dira erakunde armatuaren ispilu, eta ondorioz horien arriskuez ohartarazi zuen.
«Prozesu demokratikoaren» kontzeptua nabarmendu zuen Mayor Orejak, horren garapena egiten baita agirian. Hori aztertu ondoren, igandean plazaratutako mezua «ez da beste bat», esan zuen PPko ordezkariak, «prozesu demokratiko hori aukerarik onena eta aukera bakarra dela aipatzen baitu ETAk». Eta hori garatu ahal izateko ezker abertzaleak erakundeetan egon behar duela ondorioztatu zuen.
Bere analisiaren arabera, Katalunia da berriro ere ETAren inspirazio iturri. Perpinyà-n 2003. urtean erakundeak ERCko Josep-Lluis Carod-Rovirarekin egin zuen bilera ekarri zuen gogora eta haren garrantzia nabarmendu zuen, horren ondoren ETAk «hausturarako estrategia» findu egin zuela uste baitu.
«Kataluniatik eraman nahi du aurrera ETAk, Perpinyà-ko bidetik, eta honek emaitza batzuk eman dizkio», ziurtatu zuen Jaime Mayor Orejak COPE irrati kateari egindako adierazpenetan.
Une historiko honetan, erasoa berriro hortik abiatzen dela uste du Jose Maria Aznarren Gobernuko Barne ministro ohiak. Prozesu demokratikoaren aipamena Kataluniako dozenaka herrietan egiten ari diren independentziari buruzko galdeketekin lotu zuen.
«Erakunde horren ezaugarri nagusia mehatxu terrorista da -erantsi zuen Mayor Orejak-, baina aldi berean aurretik etapa berria duela esaten ari zaigu, eta etapa horretan bere egitasmoa gauzatu nahi duela».
Hori ekiditeko, PSOEko Gobernuak ezker abertzalea erakunde guztietatik ezabatu behar duela exijitu zuen Mayor Orejak. Eta 2011ko hauteskundeei begira zera esan zion Jose Luis Rodriguez Zapaterori: «ANV baino askoz garbiagoa den plataforma, itxuraz demokratikoa, sortzen ahaleginduko da ETA».
UPN, adi
ETAren agiriaren aurrean posizio defentsiboa hartu dute UPNko agintariek ere. Yolanda Barcina alderdiko presidentearen ustez, «bere egitekoa justifikatzen saiatzen ari da ETA, inolako justifikaziorik ez duen arren eta inolako logikarik ez duen arren». Bidea ixteko «Zuzenbide Estatua» erabili behar dela argudiatu zuen Iruñeko alkateak, eta Estatu espainolean demokrazia egon badagoela argudiatu zuen.
Barcinak kezkaz begiratu zion EA alderdiak agertu duen iritziari ere. «Kontraesankorra» deritzo neurri batean, «EAEn adierazpen batzuk egiten dituelako eta Nafarroan, aldiz, bestelako gauzak esaten dituelako».
Nafarroako Gobernuko Alberto Catalan eledunak «ezer berririk ez» dagoela esan zuen, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren hitzak bere eginez. «Ez du bilatzen dituen helburuetatik bakar bat ere lortuko», esan zion ETAri. Berak ere demokrazia eta askatasuna badirela esan zuen, hauek ez direla armen menpe geldituko gaineratuta.