GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Ongi etorri etxera!

Zaila da argazkietan beste inon ikusi gabeko inor maitatzea, ulertzen ez duzun hizkuntza batean mintzatzen denaren hitzak hun- kitzea, urrutian izan eta jada gertu-gertu sentitzea, etxeko. Hor miraria.

Ezagutzen ez ditugun parajeetatik dator eta gureak, ezezagun izan eta etxe bilakatuko zaizkionak, erakusteko irrikitan gaude. Mendi, paisaia, plaza eta kaleak desberdin agertuko zaizkio orain, baina denborak bere egingo dizkio horiek ere.

Euskara zein polita den ere erakutsi nahi diogu, hura maitatzen irakatsi, «ama» edo «aita» esatea zein erraza den azaldu, baita «amona», «osaba» «izeba» eta, horiek ikasten dituenean, «lehengusu», «etxe», «kale», «txakur»... Nago, ordea, azken hau azkar ikasiko duela, urrutitik iritsi zaizkigun kontuen arabera, oso gustuko omen ditu-eta. Bai, baita katuak, margoak edota marraztea ere eta, noski, gozoei ez omen die muzin egiten. Azkar eta indar handiz hitz egiten duela ere esan digute, maitekor agertzen dela maiz; kontu horiekin ezagun egin digute ezezaguna.

Ikusitako lehen argazkiarekin, irudia jarri genion eta itsu itsuan, nahigabean eta era lausoan irudikatu genuena borobiltzen, fintzen eta aldatzen joan zitzaigun; errealago, ia ukigarri agertu zitzaigun. Bere zaletasunen eta pasadizoen kontakizunak ere irudimena astindu digu. Alaia dirudi, imajinazioz betea, zuzena, ausarta... Iritsi eta ezagutzen dugunean irudi hori ere borobilduko dugu, osatzen joango gara, fintzen... Ia ezagutu gabe etxeko egin duguna ezagutzen. Orduan jakingo dugu nola egiten duen barre, nola haserretzen den, gure hitzak ulertzeko zer nolako erraztasuna duen, jateko gustuko zer duen eta zer ez, zerekin jolastea gustatzen zaion, gure txokoetara nola moldatzen den, gure txokoak bere begietara nola agertzen diren, nola ikusten gaituen gu, nola besteak, zerk beldurtzen duen, zerk ez...Elkarrengandik ikasteko asko dago.

Denbora asko pasa du iristen, luze jo du, eta denbora honetan guztian hura ezagutzeko gure irrika handitzen joan da. Orain iristen-iristen ari da, gertuagotzen, hurbiltzen... Jada ia hemen baita. Ongi etorri etxera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo