Bi hilabete barru jakingo dute Igeldoarrek herri izango diren ala ez
Amaitzear egon daiteke igeldoarrek duela 15 urte Donostiako auzo izatetik udalerri izatera pasatzeko hasitako bidea; izan ere, Aldundiak bi hilabeteko epean erabakia hartuko duela hitz eman die. Igeldoko bizilagunak euren aldekoa izango den itxaropenez daude.
Janire ARRONDO
Bi hilabete. Hori da Gipuzkoako Aldundiak Igeldoren gainean erabakiren bat hartzeko izango duen tartea. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak egindako txosten bat eta Igeldoren baliabide ekonomikoak aztertzen dituen Ogasun Sailak egindako beste bat dira erabakia hartzeko kontuan izango dituzten dokumentuak. Gauzak horrela, beraz, martxoaren amaieran Igeldo Gipuzkoako 89. udalerri bihurtuko den ala ez jakingo da Aldundiak emango duen foru dekretu baten bidez.
Hain justu ere, atzo elkartu ziren Igeldo Donostiatik banantzearen aldeko Itsas Aurre elkarteko kideak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Edurne Egaña lehendakaritza diputatuarekin. Azkenengoz 2008ko maiatzean elkartu ziren eta orduko bilera haren jarraipena izan zen atzokoa. Igeldoarrek argi utzi nahi izan zuten batzar honetan beraiek legea betetzen dutela eta 1994an egindako galdeketak erakutsi zuen bezala bizilagunak banantzearen aldeko direla. Juan Carlos Izagirre Itsas Aurreko ki- deak azaldu zuenez, euren nahia Igeldoren gaineko kudeaketa %100ean igeldoarren esku izatea da eta ez dute «toki entitate txiki» edo Itziarren proposatu duten «udal-auzo» gisako formularik onartzen.
Hamabots urteko bidea
Igeldoarrek bide luzea hasi zuten 1994an euren izaeraren gaineko iritzia emateko egin zuten herri galdeketarekin. Orduan igeldoarren %62 Donostiatik banantzeko prest agertu ziren. Mahai gainean hiru aukera jarri zituzten; segregazioa, deszentralizazioa edo auzo elkartearena, eta lehenbizikoaren aldeko apustua argia izan zen. Handik gutxira beraz, Igeldo udalerri bihurtu ahal izateko eskaera ofiziala egin zuten Donostiako Udalean.
1995ean, ordea, eskaera horren bidea oztopatuko zuen gertaera jazo zen. Gipuzkoako Aldundiak foru arau berria osatu zuen eta, horren arabera, banandu ahal izateko hainbat baldintza betetzea eskatzen zion Igeldori. 80ko hamarkada amaieran, esaterako, Lasarte-Oria edo Mendaro udalerri bihurtu ziren, baina arau berriaren arabera ezinezkoa zen hori. Igeldoarrek auzitara jo zuten, eskaera legea osatu baino lehenagokoa zela eta eurei ez aplikatzeko eskatuz. 2003an amaitu zen auzibidea, Auzitegi Goren espainolak igeldoarrei arrazoia eman zienean.
Geroago etorri zen Donostiako Udalak Igeldo «toki entitate txiki» bihurtzeko egin zuen proposamena ere. Burujabe izan ez arren, hainbat gairako askatasuna eman ziezaiokeen horrek. 2008ko udaberrian, baina, «agortutzat» jo zuten bide hori Igeldon, Udalaren «iruzurra» zela argudiatuta.
Azkenean, duela bi urte, Markel Olano ahaldun nagusiak segregazioaren txostenari helduko ziola iragarri zuenean itxaropena piztu zen berriz auzotarren artean. Orain, bi hilabeteko epean emango duten erantzunaren zain daude. Halere, Izagirreren hitzetan, Igeldoren kudeaketa euren esku geratzen ez bada, herria «desagertzeko arriskuan» izan daitekeela ohartarazi zuen.