GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Danborradako entseguak

Hilabetez danborra jo eta jo aritu ostean dena prest dute txikiek

Donostiako egun handia iristeko ordu gutxi falta direnean, hiriburuko ikastoletan entseguak etengabeak izan dira, martxa adi-adi entzun eta hutsik egin gabe jotzeko.

cristinalage.jpg

Ohiane LARRETXEA

Donostiako Orixe ikastolara heltzeko Urgull mendira igoeratxoa egin beharra dago. Bertaratzeko eskailerak igotzean danbor eta barril hotsak entzuten dira, inguruko eskola, ikastola edo elkarteren batetik datozenak. San Sebastian egun handia heltzeko denbora agortzen doan neurrian, Donostian ohikoa izaten da hiriko edozein txokotan makil hotsak entzutea.

Alde Zaharreko ikastola honetan abenduan hasi ziren entseguak egiten, izan ere, lehen aldiz parte hartzen dutenek zazpi urte besterik ez dituzte eta denboraz ekin behar zaio prestaketari, ezerk hutsik egin ez dezan. Lehen entseguaz geroztik irudi berbera errepikatu da astelehen eta ostiralero. 19.00etan jolastokia bat-bateko agertoki bihurtzen da; ilaran jarri eta zuzendariari arreta jarriaz haren aginduak jarraitu behar dituzte ikasleek.

Biharko desfilean bigarren eta seigarren maila arteko 85 haur aterako dira. Izena ematen duten guztiak ateratzen dira danborradan. Begoña Zubimendi irakasleak azaldu duenez, «ez dago parte hartzaile kopuruan mugarik, izena ematen duten guztiak ateratzen dira barrila rekin edo danborrarekin».

Lehenengo urketariak

Aurtengoarekin hamargarren agerraldia izango da Orixe ikastolarena, 2001. urtean hartu baitzuen parte lehen aldiz, eta bi urte geroago urtarrilaren 20ko danborrada desfilera berritasuna heldu zen beraien eskutik hain zuzen soldadu artean urketariak sartu zituztenean.

Zubimendik azaldu bezala, Donostiako Turismo bulegoan proposatu zuten danborradan urketarien pertsonaia onartua eta barneratuta egon arren, ikastolen desfilean ez zuen lekurik: «Gure proposamena aztertu eta erantzungo zigutela esan ziguten, eta baiezkoa jaso genuen, baldintza bakarrarekin, alegia urketarien jantziak XVIII. mendekoak izan behar zuten halabeharrez, soldaduen jantzien garai berekoak». Eta arrakasta bistakoa izan zen geroztik beste hainbat eskolek ere kaleratu zituztelako urketariak.

Pertsonaia hauen papera seigarren mailako neskek betetzen dute. Bihar hamabi izango dira. Entseguan adierazi zutenez, «oso pozik» daude jantzi aldaketagatik: «Hainbeste urte soldaduz atera ostean eskertzen da pertsonaia berriaz janztea, oso politak dira gainera», adierazi zuen Miren Arrietak.

Danborrak eta barrilak gerrira eusten dituen sokak lotu bitartean ilara zuzenak egitea ezinezkoa dela dirudi. Irakasleari haurren urduritasunaz galdetuta, «danborrada guztiz barneratuta» duten ekitaldia dela erantzun du, baina eguna gerturatzen den neurrian barrenak dantzan sentitzea «gauza normala» dela baieztatzen du. Hala ere, jolastokiko anabasa bat-batean isildu da «Sebastian bat bada zeruan...» entzun bezain pronto. Zuzendariari arreta osoa jartzeaz gain, Donostiako Martxa abesteari ekiten diote, hutsik batere egin gabe gainera.

Urketarien lekua zaharrenei gordetzen zaien bezalaxe, kantinera eta gastadorearena txikienek egiten dute. Uxuek sei urte ditu, baina ondo daki zer egin behar duen: «Andereñoak hiru gauza erakutsi dizkigu: eskuaz ondo agurtzea, irribarre egitea eta urratsa ematerakoan oinak ondo jasotzea». Alboan Xabik neurri handiko aizkora darama eskuetan: «Beso batez aizkora eusten dudan bitartean bestea tente aurrera eta atzera mugitu behar dut», azaldu du txikiak.

Dagoeneko nork bere papera ondo ikasita duela, azken hilabetean egindako lanaren fruituak jasotzeko eguna izango da biharkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo