Kredituen berankortasun indizea 1996tik ikusi ez den mailara igo zen azaroan
Banketxeek, aurrezki-kutxek eta kooperatibek enpresei eta partikularrei ematen dizkieten kredituen berankortasun indizea %4,938ra iritsi zen joan den azaroan, 1996ko martxotik heldu gabeko mailara hain zuzen.
GARA | MADRIL
Espainiako Bankuak atzo plazaratu zituen datuen arabera, kredituen berankortasun-indizea 1996. urtetik heldu ez den mailara heldu zen iragan azaroan, %4,938ra hain justu. Analisia Estatu espainoleko bankuek, aurrezki-kutxek eta kooperatibek enpresei eta partikularrei ematen dizkieten kredituen ordainketetan oinarritzen da.
Estatu espainolean ordaintzen ez diren maileguak neurtzen dituen adierazleak aurreko hilabetearekiko ere igoera berria izan zuen gainera, urrian %4,886ra iritsi zen eta.
Berankortasunaren adierazleak goranzko joerari eutsi zion joan den urtean, irailean izan ezik, izan ere, orduan etenaldia izan zuen abuztukoarekin alderatuta, eta 4,745era jaitsi zen.
Urtearteko tasari dagokionez, berankortasuna 1,812 puntu igo da, 2008ko azaroa amaieran %3,126an kokatu baitzen.
Ordaindu ez ziren maileguek, guztira, 87.458 milioi euro egiten zuten guztira azaroaren amaieran, aurreko hilabetean baino 923 milioi gehiago. Orotara 1,770 bilioi euro.
Nolanahi ere, Kreditu Finantza Erakundeak berankortasuna neurtzen duten adierazleak ez ditu kontuan hartzen, gainerako entitateek baino berandutze handiagoa onartzen baitute (azaroan, %9,79), eta horrek tasa orokorra itxuraldatuko luke.
Titularrak, enpresak zein partikularrak, hiru hilabete jarraian ordaindu gabe daramatzanean, finantza entitateek «zalantzazko» gisa sailkatzen ditu mailegu horiek, indarrean dagoen legediaren arabera.
Entitate motaren arabera, aurrezki-kutxak buruan badaude ere, berankortasun tasa bere horretan mantendu zen, %5,26an, irailean izan zuten %5,17aren gainetik.
Maileguen bolumena, aurrezki-kutxetan, 883.340 milioira iritsi zen azaroan, aurreko hilabetean baino 2.306 milioi gehiago.
%4,70ekoa, banketxeen tasa
Beste alde batetik, banketxeen berankortasun tasa %4,70ekoa zen azaroa amaitzean, goranzko joerari eutsiz, urrian %4,59koa izan baitzuten, eta %4,38koa irailean. Igoera horren zergatia bankuetan ordaindu ez zen bolumen absolutua da, 10.000 milioi euro baino gehiago hazi baitzen urriarekin alderatuta eta 46.469 milioira iritsi zen.
Azaroa amaieran, bankuen kredituen guztizko bolumena 790.858 milioi eurora jaitsi zen, urrian kopuru hori 793.349 milioikoa izan ostean.
Kredituen kooperatibek berankortasun portzentaje txikienak erakutsi zituzten. Kalkuluen arabera, %3,86 izan zen, aurreko hilabetean baino ehunen bat gehiago.
Kooperatiben zalantzazko poltsa 3.740 milioi eurokoa zen iragan azaroan, urriko 3.717 milioien gainetik, eta kreditu bolumena 96.719 milioikoa zen, urriko 96.480 milioikoa izan ondoren.
Aurrezki-kutxek berankortasun tasa handiena izaten jarraitzen dute (%5,26), eta urriko portzentajea errepikatu dute. Banketxeena %4,70ekoa da, eta kreditu kooperatibena %3,86koa da.