«Alakrana»k 500.000 euroko galera izan zuela esan du armadoreak
GARA | BILBO
Indiako Ozeanoan 47 egunez bahituta izan zen «Alakrana» Bermeoko atunontziko armadore Kepa Etxeberria Auzitegi Nazional espainolean izan zen atzo Santiago Pedraz epailearen galderei erantzuteko. Etxeberriak adierazi zuenez, bahiketaren ondorioz 500.000 euroko galera izan zuen ontziaren jabe den Echebastar Fleet enpresak.
40 minutuz deklaratu zuen Etxeberriak lekuko gisa arrantzaleen askapena erreskatea ordaindu ostean gertatu ote zen eta bahitzaileak nortzuk izan diren ikertzen ari den epailearen aurrean. Iturri juridikoek azaldu zutenez, besteak beste, Britainia Handiko eta beste herrialde batzuetako abokatuek erreskatea ordaintzeko bitartekaritza lanak egin al zituzten galdetu zion Pedrazek Etxeberriari. Balizko erreskateaz eman zituen azalpenak ordea, ez ziren publiko egin atzo, ikerketaren zati hau sekretupean baitago.
Horrez gain, epaileak auzi honen baitan datozen hilabeteetan bahiketa egunetan atxilotu zituzten bi somaliarren aurka egingo den epaiketan presente egoteko aukera eskaini zion Etxeberriari.
Iazko azaroan Gernikan eta Vigon izan zen Pedraz «Alakrana» ontziko 16 arrantzaleri galdeketa egiteko, eta hauei ere epaiketan izateko aukera eskaini zien.