GARA > Idatzia > Ekonomia

Mobilizazioak antolatu ditu berriro EAEko anbulantzien sektoreak

GARA | BILBO

LABek eta ELAk deituta, mobilizazioei ekingo diote berriro Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako anbulantzien sektoreko langileek. Bi sindikatuok adierazi dutenez, patronalak negoziatzeko erakutsi duen borondate ezak eta Lakuaren «pasibotasunak» ez die beste aukerarik utzi.

Abenduan bi eguneko greba egin ostean patronalak mahaian esertzea onartu zuen. Egin zituzten hiru bileratan, ordea, patronalak negoziatzeko asmorik ez zuela salatu dute. «Nahasmena sortu eta denbora pasatzea bilatzen zuten, inolako akordiotara iristeko asmorik gabe», esan dute LABek eta ELAk. Hala, abenduaren 30ean greba egin zuten berriro sektoreko langileek. Urtarrileko lehen asteetan patronalari bilera eskatu zioten, baina ez zuten erantzunik jaso.

Gauzak horrela, Lakuari arazoari irtenbidea emateko exijitu diote, «enpresei ematen dien diru kopurua %10 igo baitzuen 2008an eta beste %10 2009an». Igoera horiek, gainera, langileengana ez direla iritsi salatu dute.

Lakuako gobernuari egindako eskaerak ere ez duela erantzunik izan adierazi dute sindikatuek. Horregatik, patronala nahiz Lakua egoeraren «konplize eta errudun» direla salatu dute.

EAEko anbulantzien sektorerako «hitzarmen justu» bat lortzeko informazio orriak banatu eta elkarretaratze nahiz auto-karabanak egingo dituzte datozen egunotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo