Haurrak musika klasikora hurbilduko ditu EOSen Musika Gelak
Izen, forma eta tamaina berriarekin aurkeztu zuen atzo prentsaren aurrean Musika Gela egitasmoa -haurrak musika klasikora gerturatzeko programa- Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS). Guztira hamazazpi jarduera aurreikusi ditu Orkestrako heziketa sailak, gazteei zuzendutako ikastaro bereziak eta zuzeneko kontzertuak barne. Musikaz harago, dantza eta antzerkia ere txertatu dituzte 2009/2010 denboraldiko egitarauan.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Garai berrietara, behar berrietara eta ikusle berrietara egokituta aurkeztu zuen atzo Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musika Gela, haurrak musika klasikora hurbiltzea helburu duen egitasmoa. Izen hori izango da, hain zuzen, aurrerantzean EOSek bere hezkuntza jardueren egitaraua biltzeko erabiliko duen marka berria. 2009/2010 denboraldirako, musika sinfonikoa giltzarri duten 17 musika topaketa aurreikusi dira.
«Iaz, ikus-entzunezkoen erabilerak garrantzi berezia izan zuen prestatu genuen egitarauan; aurten, berriz, arte eszenikoen eta musikaren arteko nahasketa egin dugu», esan zuen Mikel Cañadak, EOSeko hezkuntza arloko arduradunak. Horrela, zuzeneko kontzertuetan antzerkia egiten duten aktore profesionalak, dantza klasikoa, argiztapen bereziak, atrezzo zainduak... ikusi ahal izango dira. «Badakigu adierazpide artistikoen arteko muga finkatzea oso zaila dela, gaur inoiz baino gehiago gainera. Beraz, musika, dantza, antzerkia, argia, umorea eta ilusioa dira ikusle gazteari eskainiko dizkiogun proposamenetako batzuk», jarraitu zuen.
Zuzeneko emanaldiak
Egitarauko lehenengo proiektua «Aire, hodi eta tubak» izango da. Iazko azaroan Donostiako Kursaalen aurkeztu zen kontzertu horretan, «tuba jauna» izango da protagonista, eta metalezko haize-instrumentuaren soinu eta ezaugarriak ezagutzera emango dira Iñaki Telleria kontalariarekin eta sei tuba-jotzailerekin (urtarrilak 30, Gasteiz).
«Bazen behin perkusioa»k, izenburuak berak dioen bezala, musika bezain zaharrak diren perkusio instrumentuen nondik norakoak ezagutaraziko ditu (otsailak 27, Donostia), berriz ere Iñaki Telleriarekin batera.
«Kutxa misteriotsua»k, 0 eta 3 urte arteko haurrei zuzendutako ikuskizunak, hari-instrumentuak hizpide izango ditu eta Belen Otxotorena aktoreak parte hartuko du bertan (otsailak 20, Donostia; otsailak 28, Gasteiz).
2009an zehar Joseph Haydn musikariaren heriotzaren bigarren mendeurrena ospatu da eta EOSek kontzertu berezia eskainiko du «Haydn... bizitza oso bat» izenburupean, denboraldiko lehen emanaldi sinfonikoa izango dena (martxoak 26, Gasteiz; martxoak 27, Donostia).
Dantzak ere bere tartea izango du gazteenei eskainitako egitarauan; «Astindu gorputza EOSekin» izango da Igor Yebra, Dantza eta Koreografia Eskolako dantzari gazteak eta Orkestra Sinfonikoa elkartuko dituen ikuskizuna, non musikaren eta gorputz mugimenduen arteko lotura uztartuko den (maiatzak 14, Gasteiz; maiatzak 15, Donostia).
Tokia: Donostiako Kursaal Jauregia, Gasteizko Principal Antzokia.
Data: Urtarrilaren 30etik maiatzaren 15a bitarte.
Sarreren salmenta: Principal Antzokiko leihatilan eta 943003180 telefonoan.
EOSek aurtengo gazte egitarauan finkatutako beste helburuetako bat ikastetxeetako ikasleei eskainiko dizkieten kontzertuak izango dira. Mikel Cañasek azaldu zuenez, Orkestrak hogei urtetik hona egin ez duen jarduera da, baina aurtengo denboraldian edozein ikastetxetako ikasleek zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera izango dute Miramongo egoitzan eskainiko diren emanaldien bitartez.
Halaber, «ikastetxe bakoitzeko musika irakasleekin ikastaro bereziak egingo dira hilabete lehenago, Miramongo emanaldia iristen denean jakin dezaten zerekin topo egingo duten», gaineratu zuen Cañasek.
Ikastetxeei zuzendutako Miramongo bisitez gain, egitarauan aurreikusitako kontzertuetara joaten diren eskola desberdinetako ikasleek, tailer batean parte hartzeko aukera izango dute. «Edozein ikastetxek egitarauko kontzerturen batera joatea erabakitzen badu, nahi izanez gero, Orkestra Sinfonikoa zentro horretara joango da kontzertuaren inguruko sentsibilizazio tailer bat eskaintzera», amaitu zuen Cañasek.A. K.