Kronika | Sanantontxuak Mungian
Eguraldia lagun, azoka-giro bikaina talo eta txerrikien usainean
Jende ugari batu zen atzo urtero ospatzen den Mungiako San Antontxu azokan. Eguraldia lagun, jai giroaz gozatu eta baserriko produktuak erosi edo dastatzeko aukera izan zuten hurbildu zirenek. Talo eta txerrikien usain gozoa hedatu zen herriko kale nagusietan, baina bestelako elikagai eta ganadu ugari ere egon ziren ikusgai.
Manex ALTUNA
Egun biribila izan zen atzokoa Mungian. Eguraldia lagun, San Antontxu azokak jende andana erakarri zuen herrira eta kaleak gainezka izan ziren festa giro paregabean. Batez ere eguerdi partean, zaila zen postuak jarrita zeuden kaleetan ibiltzea eta are zailagoa aparkalekua bilatzea txoko guztiak ibilgailuz beterik baitzeuden.
Ohitura den legez, jai eguna izan zuten Mungialdean lan egin edo bizi diren ia biztanle guztiek eta lagun kuadrila eta familia ugari ikus zitezkeen azoka giroan murgilduta. Gabonetatik bueltan antolatzen den San Antontxu egunak egutegian tokia egitea lortu du eta aurtengo edizioan ere baserriko produktuak erosi eta saltzeko aukera izan zen.
Taloen eta txerrikien usain gozoak eta txistulari eta trikitilarien doinuek giro berezia eman zioten azokari. Foruen plazan, Matxin plazan, Trobika kalean, Alkartasuna kalean eta Itxaropena kalean bertoko produktuen erakusketa eta salmenta postuak jarri zituzten mota guztietako jakiekin. Txosnetan berriz, lan dezente izan zuten taloei gogor eragiten eta ahalik eta arinen jendeari jaramon egiten.
Ferialekuan ganadu erakusketa eta salmenta izan zen. Gerturatu zirenek idiak, behiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak eta txerriak gertutik ikusteko parada izan zuten. Toki berean makineria, erreminta, fruta-arbolak eta landare apaingarrien erakusketa ere egon zen.
Ondoko kaleetan, Mungiako kontzesionarioek auto eta motorrak jarri zituzten salgai eta Bentades aterpearen inguruan artisau lanak izan ziren.
Odoloste eta txorizoak
Udalak atondutako karpan txerria zelan zatitzen den eta odolosteak nola egiten diren ikasteko erakustaldia egin zuten. Bertan eman zituzten Mungiako Merkatarien Elkarteak antolatutako «Euskadiko odoloste eta txorizoen XIV. txapelketa»-ko sariak.
Miren Lourdes Alegria bermeotarrak irabazi zuen barazki odolosteetan, Arabako Edurtza Villaverdek arroz-odolosteetan eta Zeberioko Akesolo baserriak txorizoetan.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia izan zen sariak banatzen herriko alkate Izaskun Uriagereka eta Aldundiko beste hainbat kargudunekin batera. Horren ondoren, Amilotx herriko dantza taldeak euskal dantzen erakustaldia egin zuen udaletxe aurrean.
Bazkalordua gerturatu ahala eguerdiko jende uholdea baretzen joan zen eta lasaitasun handiagoz ibil zitekeen herriko kale nagusietan. Baina Mungiara hurbildu zirenek izan zuten zer ikusi eta zer egin. Arratsaldeko bostetan pilota partidak hasi ziren, eskuz binakako txapelketako lehia hain zuzen ere, eta kopa eta txorroka hartuta gerturatu ziren zaleez leporaino bete zen frontoia. Dantzarako aukera ere izan zuen nahi zuenak Roberto eta Kepa trikitilariek eskaini zuten euskal erromeriarekin eta Txikuri fanfarreak herriko kaleetan barrena jarri zuen giroarekin.
Sanantontxuetako egun handiena eta asteburuko kontzertuak igaro diren arren -Ken Zazpik jo zuen larunbatean Olalde aretoan-, oraindik ere zenbait jarduera gelditzen dira datozen egunetarako. Umeentzat barrakak egongo dira urtarrilaren 25era arte eta asteburu honetan idi-probak izango dira Billelako probalekuan.