Euskaldunon poesia erotikoa, «Desira plazer» antologian
Berrogei urtetan zehar sortutako euskal poesia erotikoaren antologia da «Desira plazer, 68-08» (Txalaparta). Josune Muñoz, Igor Estankona eta Edorta Jimenezek egin dute poemen hautaketa. 70 idazle ingururen lanek osatzen dute «beharrezkoa» zen liburu hau.
Ane ARRUTI | BILBO
«Batzuk oso xaloak eta zuriak irudituko zaizkio irakurleari, beste batzuk eskandalizatzeko modukoak eta poema batzuk maitasun ia-ia jainkotiar bati buruzkoak izan daitezke», azaldu zuen Igor Estankonak. Berak, Edorta Jimenezek eta Josune Muñozek osatu dute «Desira plazer, 68-08. Euskal poesia erotikoaren antologia». Jon Miranderen «Oianone»-rekin hasi eta, urteka ordenaturik, Karmele Igartuaren «Malekoia»-rekin bukatzeraino, 70 idazle ingururen poemak bildu dituzte «desira eta plazeren mapamundi» honetan.
Erakusten ez duena baina iradokitzen duena omen da erotikoa, baina «hemen erakutsi egiten da batzuetan, ezkutatu beste batzuetan, disimulatu beste batzuetan... Antologiaren asmoa ez da definizio bat ematea, ibilbide bat erakustea baizik», gaineratu zuen Estankonak. «Irakurle gazteentzat, poesia zaleentzat eta literatur zaleentzat zentzu zabalean oso liburu gomendagarria da. Ze, bide batez, errepaso bat egiten zaio berrogei urtetan zehar idatzi den euskal poesiari».
Edorta Jimenezek gizarte zerbitzu bat bailitzan aurkeztu zuen liburua: «Beharrezkoa zen. Edozein literaturan behar da liburu bat `Poesia erotikoaren antologia' izenarekin. Kubara joan eta badago, Galizian, Katalunian.... badago. Izan ere, noiz edo noiz denok sentitu dugu horretara joateko tentazioa».
Emakumeen ahots isildua
Estankona eta Jimenez gizonezkoen poesiaz arduratu dira eta emakumeenaz, berriz, Josune Muñoz. Hala ere, hirurek aitortu zuten sorpresa handiena emakumeen ahotsarekin hartu dutela. «Nik gogoratzen nuena baino ozenkiago hitz egiten dute euren desiren gainean», esan zuen Muñozek.
«Hasieratik egon gara, mantendu gara eta gero eta gehiago gaude. Gure ahotsa berriro ere ozenki entzuten da, baina beste era batean. Emakumeok garrantzi handiagoa ematen diogu sexurainoko bidean behar dugun girotze horretan eta gorputzarekiko harremanean. Zentzumenak garrantzi handikoak dira guretzat, baita azalaren kodea ere», zehaztu zuen Muñozek.
Gainera, ahalegin berezia egin dute ahots horren presentzia berma dadin eta gogoeta bat ere luzatu nahi izan zuten: «Zenbat liburu saritu diren gero zabalkunderik izan ez dutenak, zenbat izen euskal literaturan, poesiagintzan, emakumezkoen artean are gehiago, saria irabazita eta liburua argitaratuta, isiltasunaren hilobian bizi direnak? Gure sistemari egindako kritika ere bada liburua, autokritika moduko bat», gaineratu zuen Jimenezek.