Batzuek berritasunak ikusi dituzte ETAren agirian; beste batzuek ez dituzte ikusi nahi
Herenegun ETA erakunde armatuak argitara eman zuen agiriaren osteko erreakzioek jarraipena izan zuten atzo. Zenbait alderdi eta erakundek aldaketa nabarmenak ikusi zituzten agirian, «hizkera eta kutsu ezberdina» sumatzetik haren balorazio positiboa egiteraino, prozesu demokratikoaren norabidean kokatuta. Beste batzuek, haien artean instituzioetako arduradun ugarik, berriz, ez zuten halakorik ikusi edo ez zuten ikusi nahi, eta erakunde armatuak su-etenaz ez duela ezer esaten adierazi zuten. Horiek ez baitute inoiz ezer berri ikusiko errendizio hitzak irakurri ezean, ez dute ezer berri ikusi nahi izango, alegia. Hala ere, ETAren agiriak su-etena aipatzen du, su-eten batek ez dakarrela berez prozesu demokratikoa esanez, hain zuzen. Agiriaren arabera, «herriaren aktibazioak» bermatuko du prozesu hori.
Harrigarriak gertatzen dira, bestalde, su-etenaren iragarpena faltan sumatzen dutenen hitzak, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta ezker abertzaleko kideak, Auzitegi Nazional espainoleko epaile baten autoaren arabera, su-etenak lortzen ahalegintzeagatik kartzelan daudela.