Emakumeen aurkako indarkeria, berriro ere
Emakumeen kontrako indarkeria etengabeko gaitza da oraindik. Eraso sexistak urte bukaera arte izaten dira albiste eta urte hasieratik jarraitzen dute hala izaten. Herenegun Tolosan izan zen erasoak ondoriorik ikaragarriena izan zuen: Elena Cal labanaz hilda agertu zen. Haitiko hondamendiak, herrialdearen historia latzaren erantzukizunak alde batera utzita, fenomeno natural saihestezinen arriskua gogorarazi du modu ezin gordinagoan, baina indarkeria matxista ezin da inondik inora fenomeno natural balitz bezala onartu. Kausa jakin batzuk ditu eta ez dira saihestezinak. Behin eta berriz gogorarazten dira kausa horiek eta haiei heltzeko beharra, baina gizarte osoak barneratu behar du zeregin handia duela arazo larri hori desagertzeko, erakunde publikoetatik norbanakoenganaino. Izan ere, balio sistema patriarkala oso errotuta dago estamentu guztietan, eta Nagore Lafageren kasuak erakutsi zuen noraino. Hartara, garrantzitsua da horrelako erasoak jendartean salatzea, baina ez nahikoa. Arreta ematen du, azkenik, Elena Cal herenegun eguerdian hil eta haren heriotza atzo goizera arte emakumeen aurkako indarkeria kasu gisa agertu ez izana. Zerikusirik ote du emakume horren bizimoduak? Txabola batean bizitzeak bigarren mailako biktima egiten al du? Esan bezala, eginbehar handia du gizarte osoak, gizarte osoaren arazo larria da-eta.