GARA > Idatzia > Mundua

«Munduaren amaiera» iragarri du Mehmet Ali Agcak espetxetik irtetean

Mehmet Agca turkiarra atzo geratu zen aske. 1981ean Aita Santua hiltzen saiatzeagatik ezagun egin zen. 19 urte eman zituen preso Italian horregatik eta beste 10 Turkian kazetari bat hiltzeagatik. Espetxetik irten orduko «munduaren amaiera» iragarri zuen.

p029_f01_199x116.jpg

GARA |

Mehmet Ali Agca turkiarra atzo geratu zen aske. Goizeko bederatziak inguruan atera zen segurtasun handiko Sincan espetxetik. Handik ospitale militar batera eraman zuten zuzenean soldadutza egiteko gai ote den jakiteko. Gauerditik noiz aterako zen zain zeuden kazetariak, 150etik gora, polizia konboiaren atzetik atera ziren ziztu bizian GATA ospitalerantz. Aurretik egin zioten azterketa psikiatriko baten arabera, «nortasunaren nahasmen soziala» du.

1981eko maiatzaren 13an ospetsu egin zen Aita Santua hiltzen saiatzeagatik. Erromako San Pedro plaza bere ibilgailuan gurutzatzen ari zenean, hiru tiro jaurti zizkion eta larriki zauritu zuen. Abuztuan, bizi osorako zigorra ezarri zioten.

Italiatik Turkiara estraditatuta

1983an, ziegan ikusi ostean, barkatu egin zuen Juan Pablo II.ak. 1995ean, Agcaren ama eta anaia hartu zituen Vaticanoan. Aita Santuak eskatuta, 2000ko ekainean Turkiara estraditatu zuten indultua eman ondoren.

Turkiara itzuli zenean, 1979an kazetari bat hiltzeagatik eta 1970eko hamarkadan Istanbulen eraso pare bat egiteagatik espetxeratu zuten. 1980an, epaiketaren zain zegoela, kartzelatik ihes egitea lortu zuen arren, heriotza zigorra ezarri zioten. Hala ere, 1991n zigor horren ordez, hamar urtez kartzelan egotera zigortu zuten.

Espetxean egon zen bitartean, bera «bigarren mesias» bat dela aldarrikatu zuen. Horrez gain, «benetako biblia» idatziko zuela plazaratu zuen. Aita Santua «Jainkoak aginduta» hiltzen saiatu zela argudiatu zuen. Beste behin, Bulgariako zerbitzu sekretuen agindupean zegoela adierazi zuen. Adierazpen kontrajarriak egin zituen. Aita Santuak ez zuen inoiz azaldu Agcarekin ziegan zeri buruz hitz egin zuen.

Bere abokatuak kartzelaren kanpoaldean zeuden kazetarien artean banatu zuen agirian dioenez, «munduaren amaiera gertu dago. Gizaki guztiak mendea bukatu baino lehen hilko dira». Agcaren hitzetan, «Biblia akatsez beterik dago. Nik biblia perfektua idatziko dut. Espiritu Santua Jainkoak sortutako aingeru bat besterik ez da. Trinitaterik ez dago». «Betiereko mesias» gisa izenpetu zuen agiria.

eskaintza

Agcaren abokatuak plazaratu zuenez, hurrengo egunetan Ankaran egongo da. Milioi askoren truke elkarrizketa egitea eskaini diotela plazaratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo