GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

McTxirrita

Norabide horretan kokatzen da «Mc Txirrita, bertsoaren eta raparen maitasun istorioa» ikus-entzunezko obra: Bertsolaritza zabalduz eta hobetuz, aldatzea baino gehiago, batak bestea osatzea

Dagoeneko Eguberrietako kontsumismo zentzugabearen morrontzan ari ez naizen ziurtasunetik, orain bai, hiru mila hizkiko iragarki bat egitera mugatuko naiz. Saiatu behintzat.

Bertsolaritzaren Amuriza osteko bigarren bertso «boom»a bizi dugun honetan (itzela, BECtekada!), pena bat litzateke aurreko harroaldiko akats berberek etorkizuna modu berberean baldintza dezaten uztea. Esaterako, orain hamabost urte Eibar edo Irunen saio batean mila eta bostehun entzule biltzeak nekazari-mundutik mundu urbanitago batera salto egin genuenik adierazi behar ez lukeen eran, gaur ere ez dago erraterik bertsolaritzak islatzen duena azken belaunaldietako euskaldunen isla denik. Lehenik eta behin, pertsonak hara eta hona ibiltzeko joera arraro hori bere-berezkoa duelako. Zenbat eta urrunago bizi hirietatik gero eta kotxe azkarragoa, saioak puntuan hasten dira-eta beti! Eta ondotik, adibidez, identifikazio maila oso desberdina delako belaunaldi diferenteetako pertsonen artean eman daitekeena, edade bertsuko jendearen artean ematen denarekin alderatuz. Orain hamabost urteko entzuleek orduko bertsolarien edadea zuten, gaur egun gertatzen den moduan.

Eta bertsolaritza euskal hiztun guztien jabego den heinean, ez baita jolas pribatua, guztientzat gozagarri egitea da gure funtzioa. Edo ez, egia da, baina demagun baietz, hala dirudi-eta hainbeste paperaren artean alfonbra gorria zabaldu eta gero.

Eta demagun ere ni maitemintzen nauen abesteko modu hain estatiko, zaharkitu eta doinuz aspergarri hori gazte askori gustatzen zaiela, jarri euskal hiztun gaztetxoen erdia. Beste erdia falta zaigu. Ez daukat zalantzarik hizkuntza bat menperatzen duen edozeinentzat dela gozagarri hizkuntza horrekin egiten den jolasa, euskarri eta neurri egokian eskainiz gero.

Orain mende batzuk, bertsolaritza, izan, bazen, jakina, baina ez zen orain den bezalakoa, eta duda guttirekin erranen dut mende batzuk barru bizirik irautekotan ezingo duela beti orain ezagutzen dugun bezalakoa izan. Zoritxarrez, niretzat behintzat. Zoritxarreko sentitu nintzen Joxe Agirrek BECen abestu zituen bertso haiek zerbaiten bukaera eta zerbaiten hasiera iragartzen zutela ulertu nuenean.

Baina gauzak aldatzeak inondik inora ez du erran nahi daukaguna gutxietsiz esperimentu arraroak egiten hasteko lizentzia daukagunik, edozer putamierdak libreko saio tradizional bat hobetzeko gaitasun minimorik balu bezala.

Eta azkenaldiko proposamen zentzuzkoena delakoan nago rap-aren oinarrietatik iritsi zaiguna, inprobisazioan oinarritzen diren bi jolas errimatu uztartzearena alegia. Antzestralena eta berriena, bertakoona eta kanpotik datozen guztiena, rapa izugarri hedatu eta gustatu baita mundu guztian barrena, hain juxtu gure herria (euskararen herria) izanik salbuespen bakanetakoa. Eta norabide horretan kokatzen da «Mc Txirrita, bertsoaren eta raparen maitasun istorioa» ikus-entzunezko obra. Bertsolaritza zabalduz eta hobetuz, aldatzea baino gehiago, batak bestea osatzea. Edozein bertsozalerentzat interesgarria, baina oraindik zale ez direnentzat, agian, gehiago. Mc Txirrita, beraz, nire amaren kroketak bezala, nik egina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo