GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Inazio Agirre I Ezker abertzaleko kidea

Lopezen ajeak

Euskal Herriaren desegileak haren oinordeko eta salbatzaile direla sinetsarazi nahi digute, eta irudi kanpaina horren bidez estatuen botere ideologikoak Euskal Herriaren aurka beste eraso gogor bat gauzatzeko prest daude

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren hamarretik zazpi Lopezen Gobernuaren aurka dago. Zaila da hainbeste okertzea hain denbora gutxian. Bere lana ez dugula baloratzen, herritar askeak garela eta irudi kanpaina batekin konpondu nahi du Lopezek bere eredu espainiar, ukatzaile, zatikatzaile eta neoliberala.

Lopez jauna, nola izan gaitezke euskal herritar askeak, zure estatu-ereduak geure dimentsio nazional, sozial eta politikoa ukatzen baldin badu? Euskal Herriaren desegileak haren oinordeko eta salbatzaile direla sinetsarazi nahi digute, eta irudi kanpaina horren bidez estatuen botere ideologikoak Euskal Herriaren aurka beste eraso gogor bat gauzatzeko prest daude.

Eraso ideologiko horren aurrean gure errealitate nazionala indartu eta oroimen historikoa zabaldu behar dugu. Espainiako eta Frantziako estatuek gaizki tratatzen dute Euskal Herria. Zapalkuntza mendetakoa da: konkista militarrak, eraso politikoak, jazarpen ideologikoa, kultur asimilazioa eta hizkuntz ordezkatzea jasaten ari gara. Euskal Herria gaizki tratatzen duena erruduna da.

Euskal Herriko herritarrek Euskal Herri euskalduna, askea, sozialista eta solidarioa erabakitzeko eskubidea erabiltzerik ez badugu, herritarrak baino menpekoak gara; Euskal Herria baino Espainia eta Frantziako zati bat gara; estatu horien lurralde eremu bat, euren konstituzioen azpian. Estatuak dira errudunak eta Lopez dagokion neurrian.

Historiak izatezko bikote egin ditu euskaren herria eta Espainia-Frantzia estatuak; baina ez borondatez, indarrez baizik. Geroztik, elkarrekin bizi gara, hemen, behartuak, banantzeko askatasunik gabe, bananduta bizi nahi ote dugun erabakitzeko aukerarik gabe; bi estatu espantsionista horien intrusismo politikoa, soziala, kulturala eta linguistikoa dela bide, irentsiak izateko arriskuan beti.

Esparru soziolinguistikora mugatuz, espainola eta frantsesa hizkuntza intrusoak dira euskararen herrian. Bi hizkuntza horiek euskararen estatusaz jabetzen dira, euskaraz gabetzen dituzte euskal hiztunak eta euskal eremuak, eta nazio hizkuntza ordezkatzen dute. Zertarako? euskararik gabe ez da euskaldunik eta euskaldunik gabe ez da Euskal Herririk. Helburua da euskararen herria galtzea, Espainiarekin eta Frantziarekin uniformatzea, Frantzia eta Espainia baizik ez izatea eta Europako aniztasuna txirotzea.

Bi estatuen kultur eta hizkuntz sartzapen horrek euskararen herria berrosatzea eta bere garapen iraunkorra bermatzea eragozten ditu; baina estatuek ez dituzte, orain, historian zehar bidegabeki metatutako abantailak eta pribilegioak utzi nahi, Euskal Herriaren nazio eskubideak aitortu nahi eta euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetatu nahi. Egiturazko eraso politiko horrek hizkuntz gatazka sortzen du eta Euskal Herriaren garapen osoa ukatzen du.

Euskal Estatuaren bitartekoak eskuratzeko bidean, hizkuntz gatazka amaitzeko, ezinbestekoa da, besteak beste, gure konpromiso etiko, zibiko eta politikoa euskararen herria berrosatzeko: Euskal Herriko intrusismo linguistikoa bukatzea, hizkuntz eskubide guztiak aitortzea, arrazoirik gabeko erdaren gehiegikeria erauztea eta euskararen erabileraren inguruko ikuspegia errotik indartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo