Pello Urzelai (2010/1/19)
Sintonia
Zeresanik ugari eman du ETAren agiriak. Balorazioa egitean, eragile guztiak -agintari, alderdi politiko, eragile sozial eta hedabideak- agiriaren aurretik bakoitzak zuen jarrerari edo ikuspegiari lotu zaizkie. Horietako batzuek euren jarrera berretsi nahian egin dute agiriaren azterketa, horretarako testuaren zentzua desitxuratu behar izan badute ere. Horien buru Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa. Horrela, su-etenari edo meniari buruzko aipamenari heldu dio Rubalcabak, duela gutxi egindako iragarpenei hauspoa ematen jarraitu ahal izateko. (...)
Ezker abertzalearen barne eztabaida azken txanpan sartu denean etorri da ETAren gogoeta. Tempus horretan neurtu behar da agiriaren mezua. Eztabaida amaitu eta ondorioak aurkeztu baino lehen ezin zen espero ekimen berrien iragarpenik. Etortzekotan gero etorriko dira. Agiri honetan, ETAk zerbait adierazi badu ezker abertzalearen eztabaidaren edukiekiko sintonia izan da. «Ezker Abertzalea mintzatu da, eta ETAk bere egiten ditu haren hitzak», dio ETAk aipatutako agirian, eta hurrengo lerroetan erakutsi du. Hots, Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostenaren ardatz diren hainbat ideia bere gogoetan txertatu ditu ETAk. Horien artean, erresistentzia jarrera gainditu beharra, errepresioari aurre egiteko herri harresi bat eraiki beharra, eta borroka politikoaren balioa eta eraginkortasuna.
Halaber, funtsezko sintonia erakutsi du ETAk prozesu demokratikoaren aldeko apustua bere eginda: «Ezker abertzalearen borrokaren ardatza aurrerantzean prozesu demokratikoa izango dugu». Prozesuaz agertu duen ikusmoldea bat dator ezker abertzalearen txostenekoarekin, injerentziarik gabe burutu beharra barne. Horrez gain, autokritika ildo bat ageri da agirian (aurreko negoziazio prozesuari lotua), ezker abertzalearen txostenean jorratutakoaren arrastoan. Bata, prozesuaren bermeei buruzkoa da. «Berme nagusia», orain, «herri aktibazioan» dago, ez negoziaketa «eremuen itzalean». Batasunaren txostena, hala ere, hitzetan erradikalagoa da, «berme bakarra» aipatzen duelako. Beste autokritika estatuaren esku-sartzea desagertzea lortzeko moduarekin lotuta dago. Zeharka aitortu du Espainiako Gobernuarekin sinatutako konpromiso sekretuen bidez ez zela lortu esku-sartze hori desagertzea. Horregatik ohartarazten du menia edo su-eten batek ez duela ondorioz ekartzen prozesu demokratikoa izango dela. Prozesu demokratikoa «aukera onena» eta «bakarra» bada, argitzeke dago zein izango den ETAren ekarpena. Ea hori ere ezker abertzalearen barruan gogoetarekin sintonian dagoen.