Jesus Mari Mendizabal (2010/1/19)
Butakatik
Festa-haizea harrotu da ezker-eskuin: herenegun Hendaian, Bixintxoetan; gaur eta bihar, Sansebastianetan, Donostian, Azpeitian eta abarretan. Hau da su-zirien festa! Hau da danborren zalaparta! Hau da hau jendearen eromena kalerik kale, zaratatik iskanbilara, iskanbilatik itomenera, otordutik ez-ordura! Herrioro bada noiz edo noiz festa; gazteak behar du bere jolasa. Hori hala da. Baina aitonak ere bai ederki pasa! Ez alferrik baitu atzeak erakusten aurrea nola dantzatu.
Helduaro berandura arte, denok nahiago izaten dugu etxea baino, karrika; salako zopa baino, kaleko saltsa. Hori hala da. Halere, gau-pasa egunsenti bilakatzen den moduan, esperientzia ere eskarmentu bihurtzen da. Eta aitonak asko daki jendetzako ardailen eta gaueko ibili txoroen berri. Lizardik hala zioen: «Ai, nolako zoroak gauez kalerik kale ibil oi diranak!». (...)
Behin aitonduta, izan ere, askoz maiteago izaten da, esperientziaren eskarmentuz, kaleko festa baino, etxeko bakea. Bart gauerdian, hortaz, hor konpon zuek jende-elemenian tarrapatatan danborra joaz. Allakuidaus! Igualeko egongo da 'xarra' butaka epeletik begira. Zuen izenean eta aitonaren gizenean, `xurrut'!