Julen MURGOITIO
Goza ezazu... Haiti!
Gaza, geza, giza, goza .... Goza ezazu! Horra gure hegoan den estatuaren hiriburuan panpox aurkeztu berri duten leloa, beheko estatu horrek iparrean duen Herriaren parte batean turismo ofiziala bultzatzeko asmotan edo. Leloak lelo. Egunotan, albistearen harian, zookideak zelan sentitzen diren hobeto ulertzera heldua naizela begitandu zait. Goza ezazu diote Madriletik, Gaza ezazu Tel Avivetik; aditza aginteran erabilia beti ere. Berdin balio dezake lelo horrek turismo-kanpaina bultzatzeko edo ziega batean torturatzaileak torturatuari animua emateko. Cambioaren gozokiak banatzera joan dira jaurlaritzakoak hego aldera, euren iparrera, hango batzuen eta besteen hortzen txantxarrarentzat gozagaia delakoan. Gainera, beti dute aukeran, eskuan hartuta, gozagailu bezala erabiltzea ere; irudimena agintari!. Lehengoan lelo horren berri izan nuen lehenengoan dasta ezazu! modura itzuli zuten euskal irrati batean, dastatzeak ez duela zertan gozatzea ekarri konturatu gabean. Nik hori entzunda, eta bola pitzatu zitzaidanez geroztik igarle lana bete-betean bete ez baina hala ere iragarpen bat edo beste egitera oraindik ere ausartzen naizenez, batez ere ETBko eguraldi mapa moztu zutenetik, inguruko balizko sozialistek hurrengo hauteskundean aretoko mitinen azkenean, papera eskuan dutela eta mihia belaunen parean, oihukatuko duten leloa iragartzera ausartzen naiz orain: Gora Euskadi Dastatua!, eta entzule gehienek, papera eskuan, Gora!, baina ez aldi berean. Hemengo egoerari lelo hobea dagokiolakoan nago: Gatazka ezazu! Hortikxe etorri liteke, aditza orain ahaleran ipinita, biharkoan dastatzea gozatzea izatea, eta turismoa baldintzatzailea barik baldintzatua izatea.
Haika Haiti, jaiki haiti ikara den mira haiti... bai nagusia ikara da, gure herria kalean da. Hondamenak eta ondasunak eremu desberdinetan nagusi diren seinale. Iragarritako triskantza, krisia iragartzeko gai izan ez zirenek iragarri nahi izan ez duten triskantza. Jaungoikoak eta jaunbehekoek gertatzen utzi duten tragedia. Lur-ikara gaur, atzo urakanez jantzi haize-ikarak izan ziren, herenegun uholde bihurtu euri-ikarak, bihar auskalo-ikarak.... merkatu-ikarapean bizi den esklabo herriarentzat ikara da abiapuntua, helbidea eta helmuga. Ikaragarria. Eta lur-barneak, gaurkoz behinik behin, lur-kanpoko nagusien aldera egin du. Noizko Wall Streeten faila ikaragarria?