GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar euskal herritik kanadara begira, esne ekoizpenaren auzia konpontzeko esperantzan

Europar Batasunak eta Parisek udazkenean hartutako neurriek esne-ekoizleen protestak geldiarazi zituzten. Auzia, haatik, ez da amaitu, esne-ekoizleei ordaintzen zaiena apalegia izaten segitzen baitu. Arazoa errotik konpontzeko, Kanadan indarrean dagoen sistema egokia litzateke APLIren ustean.

p027_f02_140x108.jpg

Arantxa MANTEROLA I

Behi esnearen ekoizpena eta merkatua erregulatzea beste irtenbiderik ez dagoela uste du APLI Esne Ekoizle Independenteen Elkarteak. Sektoreko sindikatu eta ekoizle andana bezala, aspaldi iritsi zen ondorio horretara, eta joan den udazkeneko grebak bere ustea berretsi zuen. Izan ere, Estatu frantsesean esnearen gorabehera ekonomikoak adosten dituen CNIEL egituraren eraginkortasun eza eta, batez ere, esnegintzako enpresek eta FNSEA laborarien sindikatuak horretan duten eragin handia ikusita, bide propioa hartzea deliberatu du APLIk.

Norabide horretan, Esnearen Agentzia eratzeko urratsak egiten hasia da, esne-ekoizle kanadarren eredua oinarri hartuta. Haien sistema zertan datzan erakusteko, egunotan bertako lau ekoizle mintzaldiak eskaintzen ari dira Estatu frantses osoan. Esne-ekoizle ugari ari da parte hartzen bilkura horietan. Esaterako, aste honetan Pauen egin denak 500dik gora bildu ditu.

Kanadan, orain 30 urte ekoizpenaren kopuruak eta prezioak erregulatzeko martxan jarritako egiturari esker, ekoizleak duintasunez bizitzen ahal dira beren lanetik. «Hori da guk bilatzen duguna, ez besterik», adierazi du Carmen Errandonea Ipar Euskal Herriko APLI-ko bozeramaileak.

Galeran ekoizten

Joan den urtearen amaieran CNIEL-k finkatutako prezioaren arabera, esne pinta 0,28 euro ordaindu zaie eta hasi berri dugun urteko aurreikuspenek ez dute igoera handirik agerian uzten, gehienez ere zentimo bat edo bi gehiago. Sarako ekoizleak irmoki adierazten du galeran produzitzen ari direla, «prezio horrekin ezinezkoa baita ekoizpenaren gastuak estaltzea».

Erregulazio sisteman dago akatsa bere aburuz eta, zehazki, ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean dauden bitartekarien amaraunean. Kanadan, egun 0,49 ordaintzen zaie litroa esne-ekoizleei, hau da, Estatu frantsesean baino %75 gehiago. «Alta, kontsumitzaileak hemen baino %13 merkeago erosten du esnea. Bistakoa da hemengo sistemak ez duela ondo funtzionatzen, bederen produkzioaren bi muturretan gaudenontzat, hau da, esne-ekoizlearentzat eta herritarrarentzat».

Errandoneak adierazi du litroko 0,40 euro izango litzatekeela «bidezko prezioa», etengabeko diru-laguntzen morrontzatik askatzeko eta ekoizleak beren lanetik duintasunez bizi ahal izateko.

Ez hori bakarrik, ekoiztutako esne kopurua ere zorrozki kontrolatu beharko litzateke soberakin eta eskasiaren errota zoroak merkatuan sortzen dituen desorekak ekiditeko. Sarako ekoizlea ziur da datorren udaberrian berriro ere produkzio eskasia izango dela eta uda alderako arazoak izango direla.

Honen guztiaren aurrean, Esnearen Agentzia sortzeko bidea jorratzeari ekin diote. Oraingoz beren egitasmoarekin bat egingo duten ekoizleen atxikimenduak biltzen ari dira eta laster batean juridikoki elkarte gisa eratuko dira. Datozen egunetan esnegintzako hainbat enpresarekin biltzekoak dira beren asmoen berri eman eta proiektuaren partaide izan daitezen dei egiteko. Izan ere, ekoizleekin batera, esnegintzako industrialari, kontsumitzaile elkarteetako ordezkariak, bai eta hautetsiak ere, ondoan behar dituztela uste dute.

«Urtean CNIEL-i ematen dioten kotizazioa Esnearen Agentziara bideratzea» litzateke egituraren funtzionamendua bermatzeko era. «Guk, adibidez, 700 euro inguru ordaintzen diogu urtero 512.000 litroko produkzioagatik. Kontuan hartuta departamenduan 1.000 ekoizletik gora garela, dirutza osatzen da». CNIELen eraginkortasun eza ikusita, APLIko kideak ez du ulertzen zer gertatzen den diru funts horrekin.

Eredu berrira egokitu

Errandoneak argi dauka, bestalde, erregulazio sistema hori aplikatzeko ekoizleek lan moldeak egokitu beharko dituztela: «Bistan da ikasi egin beharko dugula molde berrian lan egiten finkatzen diren arauak zorrozki jarraitzeko, batez ere produkzio kantitateari dagokionez, baina horrek urtean prezio finkoa izatea ahalbidetuko digu eta azken urteotan pairatzen ari garen gorabehera guztien aurrean, ahalegin hori egin beharko dugu».

«Esnearen gerra» deiturikoa ez da, ez, bukatu oraindik, baina APLIren esanetan, egitura berri hori korapilo handi hori askatzeko bidea izango den uste osoa dute gero eta ekoizle gehiagok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo