GARA > Idatzia > Ekonomia

Kudeaketa zuzeneko eskola jantokietan bi egunez greba egingo dute berriro langileek

Astearte eta ostegunerako greba deialdia egin dute LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. Gogor salatu dute Lakuako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri nahia eta helegitea jarriko dute auzitegian.

p028_f01_148x140.jpg

GARA |

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta datorren astearte eta ostegunean greba egingo dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako kudeaketa zuzeneko eskola jantokietako langileek. Iazko apiril, maiatz, ekain eta azaroan ere mobilizazioak antolatu zituzten sindikatuok sektoreko langileen «eskubideen defentsan eta bizi duten diskriminazioa amaitzeko».

Azaroaren 16 eta 17ko greba egunetan egin bezala, oraingoan ere Lakuako Lan eta Justizia Sailak gutxieneko zerbitzuak ezarri nahi ditu jantokietan. Lau sindikatuek gogor salatu dute Lakuaren jarrera eta neurriarekiko «erabateko desadostasuna» adierazi dute, «jendartearentzat oinarrizko zerbitzua den kolektibo baten greba eskubidea» baldintzatzen duela argudiatuta.

Gainera, Lakuako arduradunek ez dietela inolako bilerarik egiteko deitu salatu dute sindikatuek eta faxez igorritako agiri bat baino ez dutela jaso.

Hala ere, aurreko grebetan Lakuako Gobernuak ez duela inoiz sektore honetan gutxieneko zerbitzuak ezartzerik lortu nabarmendu dute. Hala, joan den azaroan LAB, ELA, CCOO eta UGTk Lakuak «inposatu» nahi zituen gutxieneko zerbitzuak ezartzearen aurka errekurtsoa jarri zuten EAEko Auzitegi Nagusian gutxieneko zerbitzuen ezabatzea eskatuz, «sektorearen greba eskubidea baldintzatzen zuelako».

Azkenik, EAEko Auzitegi Nagusiak sindikatuei eman zien arrazoia eta bertan behera utzi zuen Lakuak gutxieneko zerbitzu ezartzeko emandako agindua.

Oraingoan ere epaitegietara joko dute sindikatuek gutxieneko zerbitzuak ezar ez daitezen eskatzeko. Hala, kudeaketa zuzeneko eskola jantokietako langileen «greba eskubidea bortxatzeko» Jantokietako Patrona- laren eta Lakuaren «saiakeraren gainetik» astearte eta ostegunean greba egingo dutela berretsi dute.

«Jarrera diktatoriala»

«Jarrera diktatoriala» eta «lotsagarria» hitzak erabili dituzte LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Lakuaren jarreraren inguruan eta gutxieneko zerbitzuak ezartzea oinarrizko eskubide baten urratze argia dela baieztatu dute.

Bihar jakinaraziko du epaitegiak bere ebazpena. Hala ere, sindikatuek gogorarazi dute gutxieneko zerbitzuak «inposatzen» badituzte, jantokiak zabalik izango direla baina langile kopuru murritzagoarekin, «ikasleen segurtasuna kontuan hartu gabe» eta «zerbitzua edozein preziora eskainiz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo