GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezker abertzalearen lan instituzionala oztopatu nahi dutela salatu dute

Bizkaiko hainbat herritako hautetsiek Auzitegi Nazionalaren eta komunikabideen bidez egindako erasoek ezker abertzalearen lan instituzionala oztopatzea dutela helburu salatu zuten atzo. Preso politikoen aldeko elkartasuna, AHT-ren kontra agertzea edo demokrazia parte-hartzailean oinarritutako udal politikak bultzatzea «guztiz legitimoa» dela nabarmendu zuten, baina hemen «kriminalizatu» egin nahi dituztela adierazi zuten.

p020_f01_148x100.jpg

GARA |

Azken asteotan hainbat komunikabidetan agertutako informazioak eta Auzitegi Nazional espainoletik jasotako zitazioek ezker abertzalearen lan instituzionala oztopatzea dutela helburu salatu zuten atzo Bizkaiko hainbat herritako hautetsiek.

Besteak beste, Elorrioko alkate Niko Moreno, Igorreko alkate Galder Olibares eta Gernikako zinegotzi Idoia Fernandez izan ziren, Atxondo eta Markina-Xemeingo hautetsiekin batera.

Ezker abertzaleko hautetsien udaleko lana «desitxuratu» dutela eta «errepresioaren jomugan» jarri dituztela adierazi zuten. Ildo horretan, gogora ekarri zuten Markinan ospatu zen elkartasun egun batean Ertzaintzak izandako jarreraren ondorioz bi hautetsi auzipetuak izan direla; Igorren jaietan alkateak jazarpen judiziala eta mediatikoa pairatu zuela; eta Gernikan jai batzordeak era parte-hartzailean hartutako erabakiaren ostean, bertako zinegotziak Auzitegi Nazionalera joan beharko duela.

Atxondo eta Elorriori dagokionez, berriz, hedabide espainolek bertako alkateek AHTren inguruko txosten publikoak Segi gazte erakundearen esku utzi zituztela zabaldu zutela oroitarazi zuten.

Eraso horiekin ezker abertzalearen lan instituzionala zein politikoa «baldintzatu» nahi dutela esan zuten «eguneroko lanaren fruituak jadanik ikusten hasiak baitira eta ez baitituzte begiko».

«Urduri daude, gure lana parte hartzean oinarritzen da eta beste alderdiek ez dute herritarren borondatea inoiz errespetatu», esan zuten. Adibide gisa jarri zituzten Lemoiz, Boroa, AHT, coke planta eta Ondarroa eta Mendexako hauteskundeetako emaitzak.

Disidentzia adierazten duen ahots oro «isilarazi» nahi dutela salatu zuten; ezker abertzaleak, ostera, «ahotsik gabekoei ahotsa ematen» die.

«Herritarren babes osoa»

Bizkaiko herrietako hautetsiek ezker abertzalearen proiektu politikoak euskal gizartearen parte izaten jarraituko duela nabarmendu zuten, eta azken erasoek ez dutela lortuko «proiektu independentista eta sozialista» alboratzea. Udaletan garatzen duten politika, euskal preso politikoen aldeko elkartasuna edo AHTren kontra agertzea «edozein gizartetan legitimoa» dela esan zuten, baina hemen «kriminalizatu» egin nahi dutela.

Beren iritziz, epaitegietatik jasotako zitazioek eta komunikabideetatik egindako erasoek ezker abertzalearen «bazterketa instituzionala» dute xede. «Adierazpen askatasuna, karguen hautaketa askea eta herritarren gehiengoaren borondatea» ere jomuga direla gaine- ratu zuten.

Hautetsiek herrietan egiten duten politika demokrazia parte hartzailean oinarrituta dagoela nabarmendu zuten eta «herritarren babes osoa» dutela, eta horren adibide jarri zituzten Gernikako jai batzordearen plu- raltasuna eta Elorrion egin zen herri galdeketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo