GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Etxeto eta Ozafrain dira final-laurdenak gainditzeko bi faboritoak

Jon LEUNDA I

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa bere unerik onenera heltzen ari da, eta etzi ilunabarrean finalerdiak erabakita geratuko dira. Gaur, Armendaritzen, eta bihar, Donibane Garazin final-laurdenak jokatuko baitira, eta bietan, gainera, kanporaketak 17.00etan hasiko dira.

Bietako kanporaketarik erakargarriena gaur jokatuko da Armendaritzen Etxetoren eta Kurutxariren artean. Norgehiagoka estua espero da, baina dirua Etxetoren alde aterako da. Lapurtarrak final-zortzirenetan hasi zuen lehiaketa hau, eta han Harizmendi utzi zuen kanpoan norgehiagoka bikaina eginda eta itxura aparta emanda.

Kurutxarirentzat hau da lehiaketako lehen partida, baina binaka jokatzen aritu den azken partidetan ez du itxura ona eman, eta hori kontuan hartuta, zaleek Etxeto jotzen dute faborito. Hala ere, Kurutxari pilotari gogorra da, etsitzen ez duten horietakoa, eta horrek asko lagunduko dio gaurko partidan, Etxeto kontrakoa baita.

Bihar Donibane Garazin jokatuko den partida, berriz, Alfarok eta Ozafrainek jokatuko dute, eta hemen Ozafrain agertzen da faborito garbi bezala. Hala ere, Bankakoarentzat lehen partida izango da, eta horiek beti izaten dute arriskua.

Alfaro, berriz, helburua bapo beteta dator lehiaketa honetara, hiru kanporaketa gaindituta baitator. Galtzeko ez dauka ezer, eta horrek ematen duen lasaitasunarekin jokatuko du. Hala, horrek oso arriskutsu bihurtuko du. Garat trinketa, ordea, bikain ezagutzen du Ozafrainek. Bestela ere bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da. Agian azken urte hauetan bere maila apur bat jaitsi egin da, baina beti kontuan hartu beharreko pilotaria da, urtea joan eta urtea etorri, finaletatik oso gertu ibiltzen baita, bai banaka eta baita binaka ere. Alfarok, berriz, ez zituen inoiz jokatu bakarkako txapelketako final-laurdenak, eta aukera ederra du finalerdietan izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo