GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | MOBILIZAZIO HISTORIKOA IRUN ETA HENDAIA ARTEAN

15.000 lagunen babesak argi utzi du AHTren aurkako borrokaren indarra

Ipar Euskal Herriak AHTren aurka ezagutu duen mobilizaziorik jendetsuena izan zen atzokoa. Muga guztiak apurtu zituen, bai jende kopuruari dagokionez bai geografikoki, Irunen bukatu baitzen «AHTrik ez» martxa erraldoi hau.

p002_f03.jpg

Ainize BUTRON I

Indartsu agertu zen atzo, inoiz baino indartsuago, AHT proiektuaren aurkako borroka. Hendaiako geltokian lauretan jarria zuten hitzordua, eta bertan bildu zen jendetzak manifestaldia abiatzeko zailtasunak sortu zituen. AHTren aurkako elkarteetako ordezkarien banderolak ireki zuen martxa «AHTrik ez! proiektu txikitzaileak gelditu!» aldarrikapenarekin. Xingolak jantzirik, auzapez eta hautetsiek jarraitu zioten «Euskal Herrian Linea berriari ez» leloarekin. Gutxitan ikusi da hain irudi anitza manifestazio batean, eta hain jendetsua: bukaeran, bertako Poliziak 13.000 lagun zenbatu zituela esan zuen, eta litekeena da 15.000tik gora izatea (20.000 inguru aipatu zituzten antolatzaileek). Ikusgarria benetan.

Martxa abiatu aurretik, Lapurdiko laborariek izan zuten proiektuaren aurkako lehen salaketa zabaltzeko aukera. 30 bat traktorerekin, Santiago zubia zeharkatu zuten bertan zeuden herritar guztien txaloak lagun zituztela. Laborarien ekimena manifestaldian parte hartzen zuten guztientzat «sinbolo azkarra» izan zen. Beraien ibilbidea bukatu bezain laster abiatu zen manifestaldia Irungo Kolon pasealekurantz, eta, bazter guztietan ziren banderoletan aldarrikapen nagusi bat handizki zabaltzen zen: «AHTrik ez», «AHT gelditu».

Eskakizun hori han eta hemenka entzuten ziren leloetan errepikatu zen, «Ez, ez, ez AHTrik ez» edota «Herria bizirik AHTrik ez!» esaldiekin.

Ikur nagusien gibeletik, AHT proiektuak erasango dituen herrien izenak ikus zitezkeen: Hiriburu, Mugerre, Azkaine, Urruña, Ahetze, Senpere eta Lehuntze. Baina bazen Euskal Herriko eta Estatu frantseseko beste hainbat eskualdetatik hurbilduriko jende ugari ere: bizkaitarrak, nafarrak, Landetakoak, Girondakoak... Tartean AHT Gelditu! Elkarlanak, Bizik eta herritarrek manifestaldirako prestatu antzerki edo ekimenak ikusten ziren. Horrela, AHT Geldituk! Lurra izeneko hilobi beltz bat prestatua zuen, «herria», «zuhaitzak» edo «baserria» hitzak zeramatzaten beste zazpi hilobiz inguraturik. Bizi mugimenduak, berriz, kartoiz eginiko AHT trena eraman zuen Hendaiatik Irunera.

Manifestaldia jendetsua izan zen oso, eta zama hori argiki agertu zen bi orduko desfilean. Izan ere, manifestaldiaren atzeko muturrak doi-doi Santiago zubia zeharkatzea lortu zuela, antolatzaileek zeramaten banderolak agerpena egin zuen Kolon pasealekuko etorbidean.

Irungo bide nagusiaren puntara iritsiak zirela, ibilbide bera hartu zuten antolatzaileek gibelera egiteko. Herritarren artean zihoazela txalo ugari jaso zituzten Santiago zubira iritsi arte. Burdinbidearen ondoan, amaierako hitzaldia egiteko kokatu zuten agertokian amaitu zen mobilizazioa.

Kriminalizazioa

Michel Hiriart Biriatuko auzapezak Lapurdiko hiri elkargoen izenean hartu zuen hitza, eta herritarrentzat eta lurralderako AHT proiektua «dramatikoa» izateaz gain, «suntsitzaile eta baliogabea» dela esan zuen. Atzo izandako mobilizazio jendetsuak AHT linea berriaren aurkako borrokak duen «indarra» argi adierazten duela ere nabarmendu zuen. Erran horiek errepikatu zituzten ondotik taula gainera igo zirenek ere, eta, aldarrikapenak jasaten duen «kriminalizazioa» eta ukapena ere salatu zituzten. Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusiak AHT linea berriaren bultzatzaileek ez dietela entzun nahi izan salatu zuen.

«Kontsulta batzordea jarri dute martxan, bere zeregina hautetsien erranak kontuan hartzea da, baina linea berriaren ibilbidea finkatu dute gure erranak entzun gabe», gaitzetsi zuen. Horrenbestez, AHT egitasmoaren aurkako borroka «garrantzitsutzat» jo zuen Iriartek.

«Badugu pentsatzen duguna errateko eskubidea», esan zuen, berriz, egitasmo horren finkapenean «bitartekari» bat izendatzea eskatzen dutela gaineratuz.

«Ez gaituzte zangopilatuko. Euskal Herritik ez dugu linea berria pasatzen utziko», aldarrikatuta bukatu zuen. Onintza Oleaga Atxondoko auzapezordeak, Iriarten ildotik, AHT egitasmoaren aurkako borrokak urteak daramatzala erantsi zuen.

Herriz herri antolatu dituzten galdeketak gogora ekarri ondoren, honakoa nabarmendu zuen: «Herritarrei hitza eman arren, kriminalizatzen gaituzte». Horrenbestez, galdeketa egiteagatik auzipetua izan den Aramaioko ezker abertzaleko auzapez Asier Agirreri sostengua helarazi zion.

AHT Gelditu!-ko, CADEko, Girondako LEA kolektiboko eta Asturiasko TAVen aurkako kolektiboko ordezkariek ere hitz egi- teko aukera izan zuten. Guzti-guztiek mobilizazioak izan zuen arrakasta ikusita, bide horri helduko diotela ziurtatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo