GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroako bertsolari txapelketa, urte osoko uzta biltzeko garaia

Urteroko hitzordua da Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta indartuz doa urtez urte. Aurtengoan 27 bertsolarik hartuko dute parte, iaz baino bi gehiagok, eta horietako zortzi izango dira martxoaren 20an Lesakako pilotalekuan ospatuko den finaleko protagonistak. Baina txapelduna aukeratzea baino helburu sakonagoak ere baditu zita honek.

p056_f01_199x128.jpg

Ane ARRUTI I

Lehia bai, baina hori baino askoz gehiago da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Erakusleihoa da, jaia da, euskaldunen elkargunea da eta euskara sustatu eta indartzeko tresna ere bada. Horrexegatik ospatzen da urtero eta, Txapelketa Nagusiko bestondoa oraindik gainditu gabe, abian da 39. edizioa.

«Bildu» izan da Nafarroako Bertsozale Elkarteak aukeratutako leloa. «Lan isil, etengabe baina esker onekoa islatu nahi izan dugu. Bildu horrekin hainbat gauza adierazten ahal ditugu euskaraz: elkartu, fruitua jaso zein babestu», adierazi dute. Izan ere, txapelketak urte osoan egindako lana islatzen du eta horren «fruitu gozoa erakusteko abagunea da». Inurrien lanarekin irudikatu nahi izan dute ahalegin hori. «Ez lana zama moduan ulertuta, elkarlana baizik. Ilara luzea osatzen dugu Nafarroako bertsozaleok eta kate horretan belaunaldi batetik bestera transmititzen diogu gure ondasun kulturala. Txikitasunean harro, bihurriak eta sortzaileak».

Batez ere, transmisioan egindako lanaren fruitua biltzera dator txapelketa. Egun, 1.100 ikasle inguru dira Nafarroan hezkuntza arautuan bertsolaritza ikasten dutenak. 10-11 urterekin jasotzen dute ikasgaia. Hortik kanpo ere, bertsolaritzaren arrakasta gorantz doa. Bertso-eskola berriak ari dira sortzen txoko askotan eta dagoeneko 25 inguru badira herrialde osoan. Hori guztia, Nafarroan euskarak pairatzen duen egoera kontuan hartuta. Amaitu berri den Txapelketa Nagusian, Anaitasuna pabilioian ospatutako Iruñeko saioa izan zen inolako babesleren laguntzarik jaso ez zuen bakarra. Oraingoan, hiriburuan ez da saiorik egingo eta Atarrabian izango da Iruñerrian ospatuko den bakarra, azken finalaurrekoa, hain zuzen.

Hogeita zazpi, nor baino nor

Iaz baino bi bertsolari gehiago izango ditu txapelketak, 27 guztira. Iazko finalean puntu gehien lortu zituzten Julio Soto, Iñigo Olaetxea eta Jon Barberena finalaurrekoetan batuko dira. Nabarmentzekoa da Xabier Silveira egungo txapeldunaren hutsunea, eta beste hiruk ere atsedena hartzea erabaki dute: Erika Lagomak, Joxe Juan Zubieta Etxabek eta Garaxi Tabernak. Aurretik aritutako Oskar Estangak eta Estitxu Arozenak berriro ekingo diote lehiari eta lehen aldia izango dute Egoitz Gorosterrazu, Ioar Tainta, Arkaitz Goikoetxea eta Jose Luis Barberia Zili-k.

Sarrerak lortzeko, egunean bertan leihatilara jo beharko da. Azken laurdenetan, bazkide eta 16 urtetik beherakoentzat 3 euro balioko dute, 5 gainerakoentzat. Finalaurrekoetan, berriz, 5eta 8 eurotan jarriko dira. Martxoaren 20ko finalerako sarrerak oraindik ez daude salgai, baina Txapelketa Nagusian erabilitako Internet bidezko sistema hilabete inguru lehenago martxan jartzea espero dute antolatzaileek. 12 eta 18 eurotan salduko dira. Halere, Nafarroako zenbait saltokitan ere egongo dira, baita egunean bertan leihatilan ere. Informazio guztia www.nafarroakotxapelketa.com atarian eguneratuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo