Arkaitz Goikoetxeak irabaziz egin du debuta Nafarroan
GARA |
Arkaitz Goikoetxeak bildu zituen puntu gehien atzo Aizarotzen ospatutako lehenengo azken-laurdenean. Lasai aritu zen Lekunberrin bizi den oiartzuarra lehendabizikoz Nafarroako Txapelketan. Kantuan eroso, seguru eta erregular, eta 427,5 puntu eskuratu zituen hondarrean. Beraz, zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara.
Basaburuko kultur etxea txiki gelditu zen atzo. 120 bertsozale inguru bertaratu ziren lehenengo saio honetara eta eserlekuak beteta, zutik jarraitu behar izan zuten askok. Saioa hasi aurretik, Basaburuko eskolako haurrek kopla batzuk kantatu zituzten gainera.
Une politak bizi izan ziren, baina agerian gelditu ziren lehenengo saioan ohikoak diren urduritasunak, nahiz eta Goikoetxea izan ezik, guztiak aurretik txapelketan arituak diren. Julen Zelaieta eta Bittor Elizagoienek, txapela janztea zer den ere ongi dakite. Bertsolariek honako lanak bete behar izan zituzten: binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, ofizioka hiruna bertso zortziko txikian; binaka, ofizioka hiruna bertso hamarreko txikian; eta, kartzelako lanean, bakarka, hasierako puntua emanda bina bertso zortziko txikian eta bakarka, gaia emanda bina bertso doinu eta neurri librean.
Bertsolariei paper ezberdinetan aritzea tokatzen zaie normalean. Atzo, ordea, gaztetako bizipenak ekarri behar izan zituzten gogora. Kartzelako gaian, eskolarteko txapelketetako argazkiei begira jarri zituzten.
Oier Lakuntzak, Txapelketa Nagusian Maialen Lujanbiok erabilitako Mikel Laboaren «Martxa baten lehen notak» doinua erabili zuen eta bi ale eder utzi zituen. Puntu erantzunean, berriz, Aizarotzen tankerako herri txikiak izan zituzten mintzagai.
Goikoetxearen atzetik, Julen Zelaieta, Oier Lakuntza, Aimar Karrika, Bittor Elizagoien eta Iker Gorosterrazu sailkatu ziren. Azken bi hauek, osaba-ilobak, aurretik ere arituak dira txapelketan, baina atzora arte ez zuten saio berean kantatzeko aukerarik izan. Gaur, Sunbillako Ulibeltza elkartean jokatuko da bigarren azken-laurdena.