Oteizaren «bertso laborategia», larunbatean Kursaalen
«Hustubetehustu» izenburupean, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertso Eguna ospatuko du larunbatean Donostiako Kursaalen. Omenaldi gisa ez, baina bai aitzakiatzat hartuta, Jorge Oteizaren ekarpen eta ateraldiak izango dira jaialdiaren abiapuntu, eta ideia horiek bertsolaritzan aplikatzea izango dute helburu «laborategiko sagu» berriek.Ariane KAMIO | DONOSTIA
Ez dira ikerlari profesionalak, ezta kimikan eta fisikan adituak ere, baina ez diote esperimentatzeari uko egiten, ez taula gainean bederen. Urtero Donostian egiten den Bertso Eguna aurtengoan datorren larunbatean gauzatuko da, goizez Alde Zaharreko kaleetan, eta arratsaldez, Kursaalen. 18.00etan hasiko den saio nagusiaren abiapuntua Jorge Oteiza eskultore eta pentsalari oriotarra izango da, eta hark egindako ekarpen eta ateraldietatik garatuko dira oholtza gainera igoko diren bertsolarien konposizioak. «Probak egiteko saioa izango da, bere ekarpen eta ideiak bertsogintzan nola txerta daitezkeen ikusteko», esan zuen Andoni Egañak Bertsozale Elkartearen izenean.
«Bere ideiak oinarri hartu, eta gure jarduna nola hobe dezakegun jakitea»; horixe izango da agertoki gainean arituko diren bertsolarien zeregina. Saioaren gidari lanetan, Andoni Egaña bera eta Unai Elizasu ariko dira: «Nik Oteizaren aitzakia kokatuko dut -agertu zuen Egañak-, eta Unaik hura garatuko du; hau da, nik arrazoia aurkeztuko dut, eta berak gaia jarriko du».
Gaiak kokatu eta garatzeko ikerlari nagusiek, zortzi «laborategiko sagu» izango dituzte; Igor Elortza, Iñaki Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Xabier Silveira, Jon Maia, Jokin Sorozabal, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio, zein baino zein abilago.
Bi ordu pasatxo iraungo duen saio nagusiaren ondoren, 800 lagunentzako afaria izango da Kursaal jatetxean. Afarirako sarrerak agortuta dauden arren, saiorako oraindik 300 txartel geratzen direla ohartarazi zuen Egañak. www.bertsosarrerak.eu web orrialdean eskura daitezke eta, larunbaterako oraindik guztiak saldu ez badira, Kursaaleko leihatilan jarriko dira salgai arratsaldeko lauretatik aurrera.
Azken urteetako garapena
Bertso Eguna 1968an hasi zen San Sebastian jai egitarauaren barruan ekitaldi berezi bat antolatzetik; urte hartan, Manuel Olaizola Uztapide omentzea erabaki zen. Arrakastatsua izan zenez, jaialdi bera antolatzen jarraitzea erabaki zuen KTEk. Bertsolari Eguna izena hartu zuen, eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izan da urte askotan, besteak beste, Fernando Aire Xalbador, Manuel Lasarte, Iñaki Eizmendi Basarri, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki, Jesus Alberdi Egileor eta Patxi Etxeberriarena.
Bertsozale Elkarteak, sorreratik (1987), bere gain hartu zuen Bertso Eguneko egitarauaren ardura, Donostiako KTE erakundearen lankidetza eta babesarekin. 1991n, bertsolaritzaren alde lanean aritu zirenak ere omenduen artean sartzea erabaki zen eta 1995ean norabidea aldatu zuen, Bertsolari Egunari ateak itxi eta Bertso Egunari zabalduaz.