Mikel Aramendi Kazetaria
Marra berdeari begirik kendu gabe
Urtarrilaren 20-22ko itaunketak %47nako berdinketa adierazten zuen Obamaren jarduera ontzat eta txartzat ematen zutenen artean. Gallupen aurrekariek jakinarazten dute agintaldiko bigarren urtean AEBetako lehendakariek %5 galdu ohi dutela, batez beste, jendearen oniritzian
George H. Gallupek 1935eko sasoi goibel hartan, langabezia Amerikako Estatu Batuetan %22 inguruan zebilenean martxan ipini zuelako aurten 75 urte beteko dituen inkesta etxearen web orriaren gorenean datzan Flash Player irudi mugikorrean, marra berdeak adierazten du Obama Job Approval itaunketaren eguneroko emaitzaren jarraibidea. Konbentzio hutsa da kolorearena, ekonomiarekiko konfiantza zuriz, kontsumitzaileen gastua beltzez... adierazten diren bezalaxe, orrialde osoaren gehiegizko seriotasunaren ildoan. Atal bakoitza zehatzago behatu nahi duenak, dagokion laukitxo berezira alboratu besterik ez du. Bada marra berde horri begirik kendu gabe hasi du agintaldiaren bigarren urtea Obamaren lantaldeak. Nola gainera.
Lehendakariaren jarduerak iritzi publikoan aurkitzen duen onarpena beste edozeren gainetik ipintzea erabaki dutela esateko modu bat da, noski. Gallup ez da oniritzi hori neurtzen saiatzen den bakarra, eta Etxe Zuriak izango ditu beste hainbat iturri, dudarik gabe. Denek emaitza bertsuak eskaintzen dizkiotela da arazoa.
Gallupenekin ari garenez, hara: agintaldiaren lehen urtemugarekin bat-batera eta Massachusettseko senatari aukeraketan jasotako porrotaren biharamunean, urtarrilaren 20-22ko itaunketak %47nako berdinketa adierazten zuen, Obamaren jarduera ontzat eta txartzat ematen zutenen artean. Lehen aldiz. Etxe Zurian daramatzan hamabi hilabeteetan behin ere lortu duen onespenik eskasena berdinduz eta gaitzespenik handiena jasoz. Duela urtebete, % 69 alde eta %13 aurka zituen. Hori gutxi balitz, Gallupen aurrekariek jakinarazten dute agintaldiko bigarren urtean AEBetako lehendakariek %5 galdu ohi dutela, batez beste, jendearen oniritzian.
Eta, jakina denez, lehendakariaren agintaldien bigarren urtea -aurtengo hauxe, beraz- hauteskunde urtea izaten da kongresukide guztientzat eta senatarien heren batentzat. Hor dago koska. Obamak orain arte ganberatan izan duen gehiengo zabala (58[+2]-40 Senatuan, Ted Kennedy hil arte; 257-178 Kongresuan) behar-beharrezkoa du bere promesa potoloenak bete ahal izateko. Legegile horietako askok, aldiz, Obamaren bulkada beharko dute hautatuak izateko. Bide batez, «It's the economy, stupid!» klasikoaren ordez, «Look at the polls, stupid!» karteltxoa eskegi dute Etxe Zurian eta demokraten bulegoetan, itxura denez. Ideia bertsua adierazteko beste esamolde bat izan daiteke.
Batzuek «aldakuntza populista» deitu dioten horrexen juzgu egin baitu mundu guztiak banku handien eta finantzen munduaren harropuzkeriari Obamak egin dien desafio zuzena. Edota Auzitegi Gorenak enpresa handiei politikan diruz esku sartzeko eman dien argi berdearen aurkako arrapostua. Langile estatubatuarren %10 langabezian -eta berehalakoan hortik ateratzeko aukera handirik gabe- dagoenean, gogorra izan behar baitu kasinoko kapitalismoak berriro hartu duen laineza irenstea.
Arazoa ez litzateke Obamak orain jarrera borrokalari hori hartu izana, horretarako urtebete alferrik galdu izana baizik. Bazen garaia. Behingoz, zerbait ona eratorri da inkestei begira egotetik.