Gurutze Isasti | Oiartzun
Indarkeriari buruzko arrazoibide ustela
Jon Anza donostiarra iazko apirilaren 18an desagerrarazi zutenetik bederatzi hilabete igaro direla-eta, udal batzar berezia deitu zuen Oiartzungo Udalak gertaera lazgarri honen aurrean amnistiaren aldeko mugimenduak aurkeztutako mozioa eztabaidatzeko xedez.
Urtarrilaren 18an egin zen udal batzar berezia eta gobernu taldea osatzen duten zazpi zinegotzien aho bateko botoekin onartu zen mozioa. Alabaina, oposizioko zinegotziak ez ziren batzarrera azaldu eta, berriro ere, uko egin zioten herritar talde batek aurkeztutako eskaera eztabaidatzeari.
Besterik baino lehen, zer-nolako ardura erakusten dute herritarren zati batek bere ordezkari izateko aukeratu eta gero dagozkien eginbeharrei uko egiten dieten zinegotzi horiek? Zer-nolako ardura herritarren eskariei bizkar ematen dieten alderdi politikoek? Larrua behar da herritarren zati baten ordezkaritza jaso eta gero udal erantzukizunak alde batera utzi eta, aldi berean, Gasteizko Legebiltzarrera Euskal Herriak jasaten dituen gerra zikinaren eta eskubide urraketen erantzule zuzen eta nagusiak diren alderdi eta agintariei beren lankidetza eskuzabala eskaintzera joateko. Hamaika ikusteko jaioak gara, agidanez.
Izan ere, are mingarriagoa da haien ezikusia tartean estatuen gerra zikinak eragindako sufrimendua dagoenean. Hartara, gerra zikina, bere aldaera eta forma desberdinetan -desagertzeak, bahiketak, legez kanpoko galdeketak, torturak, jipoiak eta mehatxuak- salatzeari uko egiten diotenak haien erru-lagun bilakatzen dira, eginez, bat ez etorri arren, behin betiko amai daitezen deus ez egitearren. Azken beltzean, hauen ezikusiak ahalbidetzen die estatuei orain arteko bide ankerrean jarraitzea.
Bestetik, indarkeriaz duten arrazoibidearen ustela jartzen du agerian, egoerak egungoan jarraitzea eta gatazka betikotzea besterik lortuko ez duen bidearen aldeko hautua egitea baita alde bateko biktimak goresten dituzten artean beste aldekoak badirenik ere ukatzea. Ala babes handiagoa merezi du alde bateko familia eta lagunarteen sufrimenduak beste aldekoenak baino? Hala uste badute, esan dezatela argi, beren eginek adierazten duten moduan.
Azkenik, herri honek egungo egoera gainditu eta merezi duen etorkizuna izango badu, herritar eta kolektibo guztien eskubide guztiak aintzat hartuko dituen esparru politiko berri batean oinarrituta bakarrik iritsiko duelako. Eta aipatu ditugun arduradun politikoen jarrerak ez dira batere lagungarri bide horretan.
Horrenbestez, Oiartzungo Udalak amnistiaren aldeko mugimenduak aurkeztuta onartu zuen mozioarekin bat eginez, herritar guztioi dagokigu egoera hau amaiarazteko ekarpena egitea. Ez etsi!