Talibanekin adiskidetzeko inguruko herrialdeen sostengua lortu du Karzaik
Bihar Londresen Afganistani buruz egingo den bilkurari begira garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Istanbulen Hamid Karzaik, inguruko herrialdeek eta Turkiak sostengua adierazi baitzioten Al Kaedarekin lotura ez duten talibanekin adiskidetzeko egitasmoari.
GARA
Bihar Londresen Afganistani buruz egingo den bilkurari begira, Asiako herrialde honen ingurukoek eta Turkiak Hamid Karzai presidenteak bultzatu duen «adiskidetze nazionalerako prozesuaren» aldeko adierazpena egin zuten atzo Istanbulen.
«Afganistango adiskidetze nazionalerako prozesua, bertako Konstituzioaren arabera eta afganiarren zuzendaritzapean eginikoa, sostengatzen dugu», adierazi zuten herrialde honen gainean antolaturiko gailurra amaitu ostean.
Aurreikusten denez, Karzaik Al Kaedarekin lotura ez duten talibanekin adiskidetzea helburu duen programa sakon bat aurkeztuko du bihar Londresen.
Ingalaterrako hiriburuan egingo den bileraren beste helburu nagusia Afganistango indarrei segurtasun eskumenak nola itzuli aztertzea izango da. Londresen, Afganistango gatazkako aktore guztiak bilduko dira, talibanak izan ezik.
Ikuspuntu honetatik, Berlinek «etapa berri bat» iragarri zuen atzo, Afganistanera beste 500 soldadu igorriko dituela nabarmenduz. Hauen betebeharra Afganistango soldaduak trebatzea izango da. Horretarako, 430 milioi euro erabiliko ditu. Beste 50 milioi euro taliban ohiak «birgizarteratzeko» erabiliko ditu.
Bide batez, bertan dituen tropen itzulera 2011n hasi nahi duela adierazi zuen Alemaniak. AEBek ere data hori ezarri zuten helburu gisa.
«Al Kaeda bezalako sare terrorista bateko kide izan ez diren talibanak Afganistango lurraren semeak dira. Milaka eta milaka dira eta birgizarteratu egin behar ditugu», esan zion Karzaik prentsari atzo Istanbulen.
Halere, ez dirudi talibanek Kabulgo Gobernuarekin negoziatzeko asmorik dutenik.
Atzo bertan, Kabulen bederatzi zibil afganiar zauritu zituen atentatua erreibindikatu zuten. NATOren konboi baten kontra AEBetako base militar baten sarreran paraturiko bonba-auto batekin burutu zuten eraso hori.
Astelehenean, Istanbulen bertan Turkia eta Pakistango presidenteekin, Abdullah Gül eta Asif Ali Zardarirekin, izandako gailurrean talibanekiko politika berria islatzen saiatu zen Karzai. Horrela, Londresen taliban batzuei NBEk ezarritako zigorrak bertan behera uztea eskatuko duela iragarri zuen. AfPakeko AEBetako mezulari berezi Richard Holbrookek potentzia handiek Karzairen proposamenaren alde egingo dutela esan zuen.
Alemaniak Afganistanera beste 500 soldadu igorriko dituela iragarri zuen atzo. Horretarako, 430 milioi euro gastatuko ditu eta beste 50 milioi euro talibanak «birgizarateratzeko» .