GARA > Idatzia > Ekonomia

Kudeaketa zuzeneko eskola jantokietako langileen %85ek bat egin dute grebarekin

Patronalari eta Lakuari sektorea «serio» hartu eta «egiazko» negoziazioari hel diezaiola exijitu diote. Langileak beren eskubideen defentsan azken muturreraino heltzeko prest daudela esan dute sindikatuek.
p024_f01_148x092.jpg

GARA | DONOSTIA

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek bildutako datuen arabera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako kudeaketa zuzeneko eskola jantokietako langileen %85ek bat egin zuten atzokoan sindikatuok deitutako greba egunarekin. Urtebeteko tartean sektore honetako langileek burututako zortzigarren greba izan zen.

Lakuako Gobernuak azpikontrataturiko enpresek kudeatzen dituzten jantokiotako langileak beren eskubideen defentsan azken muturreraino heltzeko prest daudela adierazi zuten sindikatuek. Era berean, eta azken greba jardunaldietan egin bezala, langileen helburua beren lan hitzarmenaren inguruko egiazko negoziazioa lortzea dela berretsi zuten. 2008ko ekainean bukatu zen azken hitzarmenaren iraunaldia.

Hala, Patronalari nahiz Lakuari dei zuzena egin zieten sindikatuek, eta beraiekin batera hitzarmena negoziatzeko ordua dela aldarrikatu zuten. «Joko eta tranpak uzteko ordua da», esan zuten, eta sektorea serio har dezatela exijitu zieten.

Oinarrizko zerbitzua

Lakuako Gobernuak jantokietako zerbitzua oinarrizko zerbitzua dela aldarrikatu izan du azken egunotan, eta argudio horrekin gutxieneko zerbitzuak ezar zitezela agindu zuen. Hein horretan, Lakuarentzat jantokiak oinarrizko zerbitzu badira, zergatik ez dituzten langileen aldarrikapenak aintzat hartzen galdetu zuten sindikatuek. Izan ere, langileen aldarrikapen nagusiak prestakuntza bultzatzea eta lanaldia handitzea dira, horrela, «zerbitzu hobea eskaintzeko».

Horregatik, edozein momentutan eseri eta negoziatzeko prest daudela berretsi zuten, eta Lakuak nahiz Patronalak sindikatuei exijitzen dieten bezala, beraiek ere erantzukizunez joka dezatela eskatu zuten.

Negoziazio serio eta egiazkoa lortzea, hori da langileen helburua «eta ez besterik», aldarrikatu zuten atzo. Hala, greba egin beharrak lehenik langileei eragiten diela argitu zuten, eta gatazka konpondu eta beraien eskubide eta betebeharrak zehaztuko dituen hitzarmena lor dadin interesa duten lehenak beraiek direla baieztatu zuten.

Azkenik, grebaren ondorioz sorturiko egoerak erantzule zuzenak dituela esan zuten, «Patronala eta Eusko Jaurlaritza» hain zuzen. Behingoz negoziazioa has dadin, biharko ere greba eguna deitu dute LAB, ELA, UGT eta CCOOk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo